Osasun zerbitzuetan atzera pausoa emanen dela diote neurriaren aurka daudenek. Guardia lokalizatuekin eskubide ugari urratuko direla. Osasun Sailak, aldiz, eredu berria eraginkorragoa dela dio. Oraindik neurria indarrean ez badago ere, dagoeneko hautsak harrotu ditu.
Nafarroako Osasun Sailak, landa eremuko larrialdi zerbitzuak eraldatuko dituen proposamena jarri du mahai gainean. Berrantolaketa hau justifikatzeko dio, eredu berria «eraginkorragoa» dela eta «gastuak murrizten» direla. Landa eremuko larrialdi zerbitzuak ez dira ezabatuko baina proposatzen dituzten aldaketak ematen badira, zerbitzua ez da berdina izanen. Gaur egun, larrialdi zerbitzuetan, mediku eta erizaina osasun etxean bertan egoten dira, dei bat baldin badago pertsona hori berehala artatzeko. Garbiñe Elizegi, Baztango alkateak azaldu digunez, 2008. urtea baino lehenagotik zegoen sistema berrezarri nahi da «guardia lokalizatuak jarri nahi dira puntu askotan, hala, langilea osasun etxetik 15 kilometrotara egon daiteke. Profesionalek ordu gehiago eginen dituzte, diru gutxiagoren truke». Ordezkaritza sindikalak, profesionalak eta udalek antolaketa berriari uko egin diote. Baina, Nafarroako Gobernuak dekretu bitartez erabakia inposatu dezake.
LANPOSTU ALDAKETA ETA KALERATZEAK
Larrialdiko postu horiek oposaketa bidez lortzen dira. Elizegik lanpostuak egoera berrira moldatu beharko dituztela dio eta arazo ugari sortuko dituela horrek «aldaketa indarrean jartzean, lanpostu horiek moldatu egin beharko dituzte. Aukeraketa prozesu bat egin beharko da, lantoki berriak aukeratu beharko dituzte. Nahasketa handia izanen da». Kaleratzeak ere izanen direla dio «Nafarroa mailan 60 lanpostu galduko dira, Baztango kasuan, erdiak geratuko lirateke».
EREDU DESBERDINAK
Gure eskualdeko osasun etxe guztiek ez lituzkete zerbitzu berberak eskainiko. Osasun etxe handienetan edo jende gehien artatzen dutenetan presentzia fisikoa mantenduko dute. Doneztebe, Lesaka eta Elizondoko osasun etxeetan beraz, medikua eta erizaina bertan egonendira. Leitzako kasuan, presentzia fisikoa izanen da, baina guardia lokalizatuekin osatuko dituzte orduak.Gainera Leitza eta Irurtzungo larrialdietako ekipoak batu egingo dira eta bi tokietan lan egin beharko dute. Goizueta eta Urdazubin berriz, egoera berezietarako larrialdi zerbitzuak mantenduko dituzte. Bene Agirre, Urdazubiko medikuak adierazi digunez «goizeko kontsulta pasatzen duen medikuak, arratsaldeko ordu batzuk egin beharko ditu eta guardiak egitera behartuko gaituzte». Oronoz-Mugairiko osasun etxean izanen da aldaketa handiena.
ZERBITZUAK OSASUN ETXEETAN
Doneztebe, Lesaka eta Elizondo.
• Presentzia fisikoa.
- Lan egunetan: 15:00-08:00
- Jai egunetan: 08:00-08:00
Leitza
• Presentzia fisikoa.
- Lan egunetan: 15:00-20:00
- Jai egunetan: 08:00-08:00
- Bertze orduetan: Guardia lokalizatuak
Oronoz-Mugairi
• Guardia lokalizatuak.
- Lan egunetan: 15:00-08:00
- Jai egunetan: 08:00-08:00
Goizueta eta Urdazubi
• Egoera berezietarako larrialdi zerbitzuak herrian ez.
- Leitzan (Goizuetakoek)
- Elizondon (Urdazubikoek)
ORONOZ-MUGAIRIKO KASUA
Hasiera batean osasun etxea ixtea planteatzen zuten arren, orain guardia lokalizatuak izatea proposatzen dute. Horren ondorioz, Elizegiren erranetan «erantzuna beranduago iritsiko da. Medikua eta erizaina ez daudenez batera, biak ez dira elkarrekin iritsiko. Askotan batak ezin ditu gauza batzuk egin bestea gabe». Hau da, Gartzain, Lekaroz, Irurita eta Basaburuan erantzuna beranduago izanen da eta horren ondorioz «lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortuko dira» Elizegiren ustez.
PARLAMENTUAN BILERA
Abenduaren 11n parlamentuan agerraldia izanen dute. «Eskualdeko ordezkariak eta osasun zentroetakoak han izanen gara, esateko gu ez gaudela ados planteatzen diren aldaketekin eta eskatzeko landa eremuko larrialdi zerbitzuak mantentzea» dio Elizegik. Zonalde mailan dauden beste arazoak ere planteatuko dituztela dio «larrialdi zerbitzuen gaiari eusten diote, baina arazo gehiago ere badaude».
MOBILIZAZIOAK
Eskualde mailan mobilizazioak egitekotan dira. «Abenduaren 11, 17 eta 20an greba deialdia» egin dela aipatu digu Agirrek. Neurriari aurka egiteko «jendea elkartu eta indarrak batu» dituztela uste du eta horrela agian proposamena gibeleratzea posible izanen dela.
Ezjakintasuna handia da. Gobernuak du azken hitza. Denborak erranen du landa eremuko larrialdi zerbitzuek etorkizunik ote duten ala ez.
GARBIÑE ELIZEGI, BAZTANGO ALKATEA
«Dirua aurreztea bakarrik interesatzen zaio Gobernuari, ez dute errealitatea ezagutzen eta ez dute entzun nahi»
Garbiñe Elizegi, Baztango alkateak ez du zalantzarik, Nafarroako Osasun zerbitzuak hartutako erabakiaren arrazoiaz hitz egitean «argi daukagu erabaki hau ekonomikoa dela». Euren kabuz, hartutako erabakia dela gaineratzen du «ez dute inondik ere kontuan hartu bertako profesionalek esaten dutena eta bertako herritarren ordezkariek eskatzen duguna». Neurri honen ondorioz galdetuta dio erabiltzaileek epe motzean, egunerokoan ez dutela «hainbeste nabarituko». Luzera ordea, baietz uste du «profesionalek ordu gehiago sartu beharko dituzte eta gustura ez badaude, alde eginen dute». Hainbeste aldaketekin, lehen mailako arretak zentzua galtzen duela aipatzen du «arreta honen helburua prebentzioa da eta jendeak konfidantza edukitzea medikuarengan. Aldaketa asko izan behar bada, kalitatean nabarituko da eta bere funtzioa galduko du. Profesionalak erreta badaude noski arreta ez da berdina izango. Hala ere kezkagarriena «urgentzietako erantzun denbora luzatu» egingo dela da bere iritziz. Nafarroako Gobernua eta UPNek parte hartzea erabatekoa dela eta bilerak egin dituztela dio baina Elizegik ez dela hala izan azpimarratzen du «bilerak baztertzaileak izan dira. Alde batetik, eskualde guztia elkartu gabe egin dituzte. Bileretan langileak, osasun zentroak eta ordezkariak batera egotea eskatzen genuen, baina ez da hala izan». Abenduaren 11n agerraldia izanen dute Parlamentuan esateko «ez gaudela ados planteatzen diren aldaketekin eta landa eremuko larrialdi zerbitzuak mantentzea eskatzeko» azaldu digunez. Eskualdean mobilizazioak egitea planteatzen ari direla dio Elizegik «lehen mobilizazioak eginda, Oronoz-Mugairiko puntua mantentzea lortu genuen. Orain ere egoera aldatzeko mobilizazioak behar badira, izanen dira».
HUTSUNEAK
«Profesionalek gehiago mugitu beharko dute eremu batetik bestera. Horrek arrisku handi bat dakar. Profesional horrek bere eremuko larrialdietako zerbitzua hutsik utziko baitu».
Garbiñe ELIZEGI (Baztango alkatea)
BENEDICTO AGIRRE, ZUGARRAMURDI ETA URDAZUBIKO MEDIKUA
«Lan orduak luzatuko dizkigute eta guardietan ere lagundu beharko dugu»
Benedicto Agirre, Urdazubiko medikua da eta Gobernuak ezarri nahi duen aldaketen inguruan galdetuta ezjakintasuna handia dela dio «ez dakigu zer gertatuko den, Nafarroako Osasun Sailetik ohar batzuk bidali dituzte, baina gu ez gaude onartzeko prest». Urdazubiko kontsultan funtzionamendu orokorra «ez omen da aldatuko» baina profesionalen lan orduetan aldaketak egonen direla dio «goizeko lanaldia egiten dugunok, arratsaldean ere orduak egin beharko ditugu. Guardietan ere parte hartu beharko dugu eta postu hori betetzen dutenekin ez dakigu zer gertatuko den». Gaur egun 1.500 ordu inguru egin behar izaten dituzte mediku eta erizainek, neurri berriarekin «1.600 ordu baino gehiago» egin beharko dituztela salatzen du Agirrek. Mobilizazioak deitu dituzte eta «abenduaren 11, 17 eta 20an greba deialdia egin da». Orain arte osasun arloan egon diren gatazketan «mugimendu franko baina bakoitzak bere aldetik» jokatzen zuela aipatzen du, auzi honetan ordea «proposamenaren aurka egiteko jendea elkartu eta indarrak batu dituztela» uste du Agirrek.