Azken urteetan berreskuratutako ohiturari eutsiz, Santa Luziako feria ospatu dute Donezteben abenduaren 13an. Goizeko 10:00etan hasita eskulangileak izan dira elizatarian eta Meza Nagusian Zilarrezko Titarea eman dio Doneztebeko Udaleko Juana Mari Muñoz zinegotziak Esther Pascal Bereau jostunari. Ana Etxeberriak, berriz, lore-xorta eman dio. Ikusi argazkiak
Esther Pascal Bereau 1944an jaio zen Donezteben, Luis Bru Lopez de Sabando gipuzkoarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba ditu: Nora, Antonio eta Jon. Azken biak kirolari aski ezagunak izan dira, Antonio atletismoaren munduan eta Jon txirrindularitzan, profesionaletan ere aritu baitzen hainbat urtez. Hiru biloba ere baditu Estherek eta denek bere ondoan egon nahi izan zuten omenaldi egunean.
Esther Pascalek jakinarazi duenez,«jostun familian sortutakoa naiz eta lehenbiziko puntadak nere amarekin eman nituen eta 16 urterekin Maria Eraso jostun ezagunarekin hasi nintzen lanean, bere tailerrerik hainbat jostun atera baitira». Lanbide honetan etorkizuna erabat argi ez bazen ere, «niri aunitz gustatzen zitzaidan, eta horregatik 18 urterekin lehen jantziak nere kabuz egiten hasi nintzen». 12 urtez segitu zuen josten, Nora eta Antonio bere lehen alaba eta semea jaio ziren arte. «Orduan bezeroei josteari utzi nion, baina etxean segitu nuen», dio. 1975ean familia Doneztebetik Berara joan zen eta han jaio zen azken semea, Jon, eta bertan mertzeria eta ehungintza denda ireki zuen, josteko bertze bulego ttiki batekin. Estherrek erran digunez, «han segitu nuen Doneztebe eta Malerreka aldeko lehengo bezeroei atenditzen, baita bortz herrietako berriei ere». 2009an erretiratu baldin bazen ere, oraindik etxekoentzat eta lagunentzat josten segitzen du eta aurten, «mende erdia bete dut titarearekin».
Goizeko eskulangileen erakusketa eta salmenta postuetan Aitziber Erasun (metalak), Santiago Hualde (egurra), Fausti Juanikorena (jantzigintza), Itziar Berazadi (telarrak), Jose Luis Arozena (laxoa), Malu Alvarez (zilarra), Manex Landa (zilarra), Maria Salanueva (xaboiak), Andreu Smith (postalak), Jose Luis Olaizola (egurra), Miguel Urroz (ezpelez egindako sukaldeko tresnak), Eneko Rabina (ogia), Mateo Brianceau (dekorazioa), Carlos Mindegia (gazta), Maria Irureta (kanutilloak), Jon Olaizola (egurra), Bittoriano Arzuaga (artilea) eta Joxepa Loiarte eta Zubietako taldearen taloak izan dira.
Zilarrezko Titareak
Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:
Maria Eraso (1999)
Patxi Astiz (2000, gizaseme bakarra)
Mari Carmen Elizalde (2001)
Virtudes Etxebeste (2002)
Pepita Apeztegia (2003)
Pakita Andiarena (2004)
Mariela Olaizola (2005)
Angeles Buenetxea (2006)
Maria Teresa Mindegia (2007)
Loli Ostolaza (2008)
Mari Cruz Arregi (2009)
Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)
Maria Jesus Elizondo (2011)
Esther Pascal (2012)