Urri hondarrean baino 39 langabetu gehiago zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak azaroaren 30ean, 1.325 zehazki. Udaz geroztik, hiru hilabetez 135 langabetu gehiago ditu eskualdeak eta inoiz izan duen daturik kaxkarrena, 1.300 langabetuak gaindituta. Nafarroan banaz bertze %1,68 igo da langabezia azaroan eta gurean oraindik gehiago, % 3,03.
Azaroan 406 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 38 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 566 lagun daude langabezian, urrian baino 12 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere 578tik 609ra igo da langabetu kopurua aaroan. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, aldiz, 94tik 92ra jautsi da langabetu kopurua eta adin tarte horretako emakumeetan artean ere 60tik 58ra pasatu dira lanik gabe daudenak.
Zerbitzuen arloan nabarmen goiti egin du langabeziak
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten eta azaroan igoera nabarmenena izan duen lan arloa izan da, 823tik 874ra igo baita langabetu kopurua. Industria arloan, aldiz, 197tik 190era jautsi da langabezian daudenen kopurua. Eraikuntzan, 177tik 176ra jautsi da langabetu kopurua. Nekazaritzan bi langabetu guttiago daude, 27, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 58 lagun daude langabezian, urri hondarrean baino 2 guttiago.