Krisiaren aurrean landetxeetako bezeroak fidelizatu eta behe denboraldian ere bisitariak erakartzeko helburuarekin, deskontu bonuak banatzen hasiko dira. Bertiz Partzuergoko “Hiruak Bat” elkarteko landetxeetara joaten direnek, inguruan egin litezkeen bisita edota ekintzetarako deskontu bonuak eskuratuko dituzte. Bezero bakoitzak 0,50€ eta 5€ arteko deskontuak aprobetxatu ditzake. Deskontua handiagoa edo txikiagoa izanen da aukeratutako aktibitatearen arabera, deskonturik handienak abenturazko aktibitateetan izanen direlarik.
Bonuen bitartez, sarrera merkeagoa izanen da leku hauetan: Amaiurko errotako bisita gidatu eta talo tailer eta dastaketetan, Urdazubiko Leze, Monastegi, Klaustro eta Errotako bisitetan, Zugarramurdiko Lezean eta Sorginen museoan, Bertiz Abentura Parkeko sarreran, BKZ-ren abenturazko aktibitateetan (Paintball, rafting, kanoraft, hidrospeed eta arroilak), Arizkungo Ordoki zalditegian eta Leurtza abenturaren aktibitateetan (Segway-ak, txirrindulak, paintball laser eta Altxorbiling).
2012. urtean,100 bezero inguruk aprobetxatu ahal izan dituzte aipaturiko deskontuak. Arizkungo Gontxea landetxekoek, Elizondoko Urruska eta Larraldeakoek, Sunbillako Martintzeneakoek eta Zigako Etxezuriako bezeroek. Datorren urtera begira, landetxe eta baliabide gehiagok parte hartuko dutela espero da.
Eskaintza berezi honen informazio eguneratua, elkarteko www.baztan-bidasoa.com web orriko “Eskaintzak” atalean aurkitu daiteke eta interesa duenak, parte hartzen duten landetxeekin kontaktatu beharko du, establezimendu bakoitzak dituen baldintzen kontsulta egiteko.