Emakumeen I. Napar Pala Txapelketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 29a

Tartean eskualdeko bi ordezkari, Iera Agirre lesakarra eta Irune Argain iruritarra

Emakumezkoen gomazko pala sustatzeko helburuarekin antolatu dute. Sei bikotek parte hartuko dute eta tartean eskualdeko bi ordezkari izanen dira: Iera Agirre leitzarra eta Irune Argain iruritarra. Lehenengo jardunaldia abenduaren 2an jokatuko da eta finala abenduaren 30ean Labriten.

Emakumezkoen gomazko pala sustatzeko helburuarekin, Nafarroa mailan Napar Pala txapelketa antolatu dute. Gaur egun pilotan aritzen diren emakume onenetarikoak ariko dira txapelketaren lehenengo edizioan. Nafarroako afizioari emakumezkoek pilotan hartu duten maila erakutsi nahi diote eta txapelketak etorkizunean ere jarraipena izan dezan, saiakera eginen dute.

Partida guztiak abenduan jokatuko dira. Igandetan izanen dira norgehiagokak, bikote bakoitzak asteburu batean atsedena izanik. Lehenengo jardunaldia abenduaren 2an izanen da, bigarrena abenduaren 9an eta hirugarrena abenduaren 16an. Final erdiak abenduaren 23an jokatuko dira eta finala berriz, abenduaren 30ean, Labrit pilotalekuan.

Txapelketa bi mailatan jokatuko da: elite eta lehenengo maila, bakoitza 6 bikotez osatua. Maila bakoitza 3 bikoteko 2 taldetan banatuko da. Txapelketa, 3 jardunalditan jokatuko da, guztiek guztien kontra jokatuz. Ligaxkaren amaieran, talde bakoitzeko bi bikote sailkatuko dira final erdietarako.

Txapelketa Nafarroako lurralde ezberdinetan jokatzeko helburuarekin, jardunaldi bakoitza 2 herri ezberdinetan jokatu da, guztiek guztien kontra jokatuz. Ezkaroz, Otxagabia, Olazti, Leitza, Tafalla eta Larragan jokatuko dira partidak. Final erdiak berriz Etxarri Aranatzen eta Altsasun izanen dira.

Txapelketan parte hartuko duten jokalariak:

Elite Mailan

A taldea: Maider Mendizabal (Gipuzkoa) eta Rebeka Contin (Nafarroa); Severine Graciet (Iparralde)  eta Ariane Arrieta (Gipuzkoa); Yanira Aristorena (Nafarroa) eta Maite Ruiz de Larramendi (Nafarroa).

B taldea: Beatriz Anduela (Nafarroa) eta Susana Muneta (Nafarroa); Iera Agirre (Nafarroa) eta Claire Bordagaray (Behe Nafarroa); Amaia Irazustabarrena (Gipuzkoa) eta Nagore Arozena (Gipuzkoa).

Lehen maila

A taldea: Judith Etxarri (Nafarroa) eta Maddi Mendizabal (Gipuzkoa); Irantzu Leunda (Nafarroa) eta Edurne Argain (Nafarroa); Ainhoa Garmendia (Gipuzkoa) eta Saioa Aristorena (Nafarroa).

B taldea: Elisabeth Pagola (Gipuzkoa) eta Ines Larrion (Nafarroa); Miren Goikoetxea (Gipuzkoa) eta Maider Senper (Gipuzkoa); Maitane Agirre (Araba) eta Maite Urtasun (Nafarroa).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun