Aizkorak zorrotz eta urduritasuna giroan, II.Mailako Nafarroako finala jokoan. Azaroaren 16an jokatu zen norgehiagoka Doneztebeko feria egunean antolatutako jaialdian eta Ruben Saralegik jantzi zuen lehenengoz txapela. Aste baten buruan, jantzi zuen bigarrena. Azaroaren 11n, Euskadiko Hirugarren Mailako garaipena ere eskuratu baitzuen 22 urteko leitzarrak. Ruben Saralegirekin batera bertze lau aizkolari: Iban Resano (Dorrao), Asier Pellejero (Areso), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien) eta Raul Kastro (Urrotz). Aizkolari bakoitzak bosna pago-enbor ebaki zituen: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Leitzarrak mendean hartu zituen bertzeak, 16:04.26 minutuko denbora eginaz. 48 segundora, Xabier Mindegia izan zen txapeldunordea. Horren ondorioz, biak ariko dira heldu den sasoian Nafarroako Maila Nagusian. Eskualdeko bertze bi ordezkariei dagokienez, Asier Pellejerok hirugarren postua eskuratu zuen eta Raul Kastrok berriz azken postuan akitu zituen lanak, txapeldunak baino sei minutu gehiago behar izan baitzituen enbor guztiak mozteko.
SAILKAPENA
1. R. Saralegi 16:04
2. X. Mindegia 16:52
3. A. Pellejero 19:56
4. I. Resano 21:01
5. R. Kastro 22:19