Oier eta Imanol Kañamares lehengusuek osatutako bikoteak eskuratu du Nafarroako bigarren mailako arpanlarien txapela. Azaroaren 16an jokatu zen Donezteben finala eta erakustaldia eskaini zuen Arostegiko bikote gazteak. Hamalau epai ebaki behar zituzten; etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrari 4 epai. Irabazleek 05:55.38 behar izan zituzten lanak akitzeko. Erritmo bizkorrean eta txukun egin zuten lana. Honenbertzez, heldu den urtean lehenbiziko mailan ariko dira. Alberto Oteiza (Larrageta) eta Adrian Berruezok (Ibero) osatutako bikoteak lortu zuen bigarren postua.
Eskualdeko ordezkariek, ez zuten horrenbertze zorterik izan. Hirugarren egin zuten Andoni Irigoien (Aniz) eta Guillermo Etxenikek (Irurita) eta laugarren sailkatu ziren Xabier Urrutia (Arraiotz) eta Asier Arretxea (Narbarte).
SAILKAPENA
1. Oier Kañamares-Imanol Kañamares 05:55
2. Alberto Oteiza-Adrian Berruezo 06:10
3. Andoni Irigoien-Guillermo Etxenike 07:04
4. Xabier Urrutia-Asier Arretxea 07:45