Lan luzeak hasi dira berriki aintziran, azaroa eta heldu den urteko apirilera arte euria eta ur zikinak biltzeko lur azpiko sare zaharra osoki berrituko baita. Aspalditik lan hauek egitekoak ziren Senperen, urbanizatu den lehen auzoetakoa baita Aintzira. 60ko hamarkadan etxeak egiten hasi ziren Ortzana aldean bainan gaurko egunean mila lagun baino gehiago bizi dira oihan ohian eta beraz ur zikinak isurtzeko sarea berritzea beharrezkoa zen. Lan hauek egitea ezinbertzekoa da euria eta ur zikinak bi sare desberdinetan bereizteko beherago diren araztegien lana arintzeko eta Donibane Lohizunen itsasoratzen den ura ahal bezain garbia izan dadin. Lan luze eta zailak dira sarearen erdia eremu pribatuetan baitago. Zonbait tokitan lur azpian dauden hodi zaharrak kendu eta berriak eman beharko dituzte, eta bertze lekuetan hodiak barnetik konpontzen ahalko dituzte lurrik mugitu gabe. Aintzira izeneko ostatuaren aintzinean den aparkalekuan 800 metro kubikoko urtegia egiten ari dira. Gehienetan hutsa izanen den zilo haundi hau bakarrik beteko da euria jauts ahala egiten duen egunetan. Lan guzi horiek Alain Munduteguy inginadore senpertar gazteak manatuko ditu eta arazo zerbait gertatuko balitz harekin mintzatu behar litzateke lehen bai lehen den dena konpontzeko.
Aintzirako auzokideekin egin zuten bilkuran, herriko etxeko arduradunek argi utzi zuten lan hauek baliatuko dituztela bertze lan frango egiteko: segurtasuna hobetzeko, alkiak emateko ur bazterrean, espaloiak berritzeko pittaka pittaka zonbait karriketan eta aintzirako sartze nagusian diren berziklatze kontenedoreak osoki berritzeko. Gaur egungo burdinezko bilguneak kenduko dituzte eta lur azpian botako da berziklatzen den zaborra, bertzeak bertze hirietan egiten den bezala. Hautetsiek gogoratu dute urtero 10.000 euro baliatzen dituztela hondartzako harea garbitzeko udan eta ezin zaiela jatekorik eman aintziran bizi diren ahateei. Lehen hor bizi ziren beltxargak janari intoxikazio batengatik hil zirela azpimarratu du Christine Bessonart andere auzapezak. Lanek apirilean bururatu behar lirateke Herri Urrats eta heldu den uda aintzin.