Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Bertizarana aldeko alkate eta zinegotziek ez dute aitzinapausorik ikusten Nafarroako Gobernuan, Euskal Telebista Lurreko Telebista Digitalaren bitartez (LTD) ikusteko aukeran. Azaroaren 28an joan ziren Nafarroako Gobernura eta hasiera batean, Juan Luis Sanchez de Muniain, Kultura, Turismo eta Harreman Instituzionaletarako kontseilariarekin egotekoak baziren, honek agurtu bertzerik ez zituen egin eta Edurne Elio komunikazio zuzendariarekin bildu ziren. «Horrek berak erakusten du zer jarrera duten. Azalpen teknikoak eman dizkigute, berez aterabide politikoa duen afera bati», aipatu zuten udal hautetsiek bilera eta gero Malerrekako Mankomunitatean emandako prentsaurrean.
Teknikoki ez dagoela inongo arazorik aipatu zuten, dena prest dagoela. Arazo ekonomikoa ere ez luke izan behar. Izan ere, «Gobernuak urtero 3 milioi euroko dirulaguntza eman die Nafarroako gaztelerazko telebista kate pribatuei eta hemen, behin egiteko milioi bateko inbertsioa aski izanen litzateke», erran zuen Marisol Taberna, Berako alkateak. Halere, milioi hori Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko lukeela uste du Nafarroako Gobernuak eta «horrelaxe gabiltza, tenis pilota bezalaxe alde batetik bertzera», adierazi zuen Garbiñe Aleman, Baztango alkateak. «Nafarrak gara eta honenbertzez, Nafarroako Gobernuak moldatu beharko luke hau, baina ate hori ixten bazaigu, ez dugu baztertzen Gasteizera joatea», gaineratu zuen.
Ekainaren 30ean itzalaldi analogikoa egin behar bazen ere, gaur egun oraindik modu horretan ikusten da Euskal Telebista eskualde gehienean, itzalean gelditzen diren zenbait zokoetan izan ezik. Horietan, ez analogikoki ezta digitalki ere, ez dute ETB ikusten.