Arkupeak elkarteko kideak gustura dabiltza batetik bestera. Urri hondarrean Lodosa eta Lizarra aldean ibili ondotik, oraingoan maletak egin eta Lanzarotera joan dira. Azaroaren 5ean, hogeita hamasei laguneko taldea Bilboko airoportutik abiatu zen Kanariar Uharteetan bederatzi eguneko egonaldia egiteko.
Iritsi orduko, Travelplan-eko ordezkari batek egin zieten harrera eta Beatriz Playa hoteleraino eraman zituzten. Hotel handi eta dotorea, 400 logela, bi igerileku eta zirkuitu hidrotermalarekin. Bakoitza bere logelan eroso jarri ondotik, jantokira jeitsi ziren eta bertan otordu ederra dastatzeko aukera izan zuten.
Arratsaldeko bostetan, gidarekin elkartu ziren irteera turistikoak egiteko. Leku berezi ugari ezagutu zituzten, baina denen artean bereziena Gran Tour delakoa izan zen, Timanfaya parke nazionala bisitatu baitzuten. Sei kilometroko ibilbidea egin zuten autobusez. Harrituta geratu ziren hango paisaien edertasunarekin, su-mendien leherketen ondorioz sortutako krater, lezeak... ikustean. Gamelu gainean ibiltzeko aukera ere izan zuten, bakarren batek susto ttiki bat ere hartu zuen. Jarraian, suzko elementuak erabiliz erakustaldi bat ikusi zuten eta ondoren bazkaldu egin zuten. Parrilan erretako haragi goxoa. Bazkal ondotik, bisitarekin segitu zuten eta Janubioko antzinako gatzagak ikustera joan ziren. Eta Geria ardotegian, Lanzaroteko ardo famatuak dastatu zituzten.
Itzulera hilaren 14rako zegoen aurreikusia, baina greba orokorra medio ez zeuden ziur egun horretan itzultzerik izanen ote zuten. Azkenean, aurreikusitako datan itzuli ziren eta elkarteko kide guztiek beraien familiekin elkartzeko aukera izan zuten iluntzea baino lehen.