Maixux Petrikorena, Beran bizi den igantziarrak kudeatzen du azken 5 urteetan Zubietako errota. Udan zabalxeagoa bada ere, neguko ordutegian egunero, goizeko 11:00etatik 14:00etara irekitzen da, astelehen eta astearteetan izan ezik. Udan, Nafarroako Gobernutik ematen den dirulaguntzaren baitan bi langile hartzen dituzte, ekomuseo bezala ere funtzionatzen baitu.
«Joan den urtean jautsiera somatu zen bixitetan eta aurten ere bide beretik segitu du», aipatu digu Maixuxek. «Hor nabaritu da Nafarroako Gobernuak sarrera bonoak ematen zituela Internet bidez edo landa etxeetan errotan sartzeko, baina murrizketak medio aurten ez da halakorik». Bisitari gehienei, ekomuseoa baino gehiago errota gustatzen omen zaie, funtzionamendua eta tresneria ikustea. Sarreretan jautsiera somatu badute ere, arto irina nahiko ongi saltzen dela aipatu digu arduradunak, «nere iduriz igotzen ari da salmenta». Halere, udan idortearekin nahiko larri ibili dira eta ez dute hainbeste irinik egin, «bakarrik turistek ikusteko eta batzuetan hori ere ezin zen, ur eskasiarengatik».
Gustora dago Maixux 5 urteotan egindako lanarekin: «Egun batzuk bakarrik egoten gara, baina beti harrapatzen da entretenimendua» aipatu digu.