Gazte prozesu eratzailea bigarren fasean da jada

Gazte Oihua 2012ko azaroaren 28a

Malerrekako gazteak asanbladetako batean. Gazte Oihua

Munduaren azterketa orokorraren eztabaida bukatutzat emanik, Euskal Herriko ziklo politikoa aztertzeari ekin diote

Fruta eta zuku frexkoa bidelagun, eskualdeko gazteak gogotsu dabiltza gazteen antolakunde bat sortzeko eztabaidetan. Lehenagoko edizioren batean erran bezala, prozesu honek hiru atal izanen ditu : munduaren azterketa orokorra, Euskal Herriko ziklo politikoa eta azkenik gazte estrategia. Lehendabizikoari buruz jada eztabaidatu dute eta orain Euskal Herriari buruz gogo­etatzen ari dira.
 
Prozesuan parte har­tzen ari diren gazte ba­tzuekin hitz egiteko aukera izan dugu eta eztabaidetako eduki eta inpresioak kontatu dizkigute, baita enbidia pixka bat eman ere. Lesakako gazteek, erraterako, «kopurua aldatuz joan den arren, ariketa dinamiko eta parte hartzaileak» izan direla eta «konklusio interesgarriak» atera dituztela erran digute.
 
Are gehiago diote Malerrekako gazteek munduaren azterketako asanbladei buruz. Izan ere, gai batzuk ezagunak izan arren, gauza berri aunitz ikasi omen dituzte. Krisien gaian zehaztuz, prozesuan parte hartzen ari den Iturengo gazte batek erran digu inpresio dexente egin ziela : boligrafo bat sortzeak atze­tik ekartzen duen soka luzea aztertzea ‘desku­brimentu’ bat izan zen guretzat. Gainera, eztabaidatik haratago, egunerokotasuneko ja­rrerak aldatzeko balio izan die prozesuak gazteei. Burujabetzaren aldeko ideiei buruz, Malerrekako gazteen arabera, «baten bati kon­tzientzia mugiarazi dio, eztabaidak eman eta hurrengo egunetan gutako batek karterako min haundiarekin base­rriko tomateak erostea aukeratu baitzuen supermerkatuko tomate merkeen ordez». Ber­tzalde, kritikotasunean sakon­tzeko bidea ere ematen du Etxalarko Eñaut Ipa­rragirreren arabera. Bere ustez, prozesu eratzaileak eta orokorrean gazte mugimenduan parte hartu izanak «pentsatzeko bertze modu bat» eman dio.
 
Laburbilduz erran digute, aitzinetik duten bidea kontraesanez betea egonagatik ere, kontraesan horiek gainditu eta bidea egiteko gogo biziz daudela.
 
Hortaz, munduaren azterketa orokorrari buruzko ponentziei emendakinak egin ondotik, maila lokalean duten egoera aztertzeari ekin diote gazteek. Batzuek jada eztabaidatu dute horren inguruan, eta haien arabera, Euskal He­rriko ziklo politiko be­rria hobe ulertzeko erabilgarria izan da eztabaida. «Hasiera batean nahiko arrotzak zitzaizkigun termino batzuk asanblada akitzerako egunero erabiliko bagenittu bezala zebiltzan gure ezpainetan» bota digu Malerrekako gazte batek irribarrez. «Eta egunero gure ezpainetan dabiltzan ‘iraultza’ bezalako hitzei ere,  bere erranahiaz duda egiterainoko punturaino eman genizkion bueltak». Prozesua ari da, beraz, bere fruituak ematen.
 
Lesakako prozesuan parte hartzen ari den Jon Salaberriak oraindik hurbildu ez diren gazteei gonbita luzatu nahi izan die : «uaindik garaiz dabiltzala” eta nahiz ta kuadrilkuk ez joan, eskualdeko jende berria izautzeko aukera ona» dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun