Bidasoa ‘erreka pilotu’ moduan lantzea eskatu dute Arrantza Elkarteek

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 28a

Errekako fauna arrotza kontrolatzea eskatzen dute arrantzaleek. Argazkian, ubarroia. Joxean ORTEGA

Eskutitza igorri diote Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari

Baztan-Bidasoaldeko arrantzale elkarteek eskutitza igorri diote Javier Esparza, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari, errekaren eta arrantzaren egoeraz kezkatuta eta zenbait hobetze neurri hartzea eskatuz.

Zehazki, Bidasoa, Pagolleta, Abelu, Bidasoa-Berroaran, Mendaur, Usoa, Baztan, Legasa eta Arantzako Usua Ehiza eta Arran­tza elkarteetako presidenteek sinatu duten gutunean, Bidasoa eta bere adarrak erreka pilotu moduan hartzea eta berriz ere birpopulaketari ekitea eta isurketak eta isileko arrantza kontrolatzea eskatu dute.

Arrantzale hauen ustez, «urteetan erreketako kudeaketa kaxkarra egin du Nafarroako Gobernuak, bereziki Baztan-Bidasoaldean, erreka buru guzietan arran­tza debekatuz, arran­tzatu daitezkeen arrai­nen neurriak handituz, kupoak murriztuz eta arrainkume eta arraul­tzeen birpopulazioak minimoetara eramanez». Arrantzaleei «zangotraba ugari» paratu zaizkiela eta horregatik «aski da» errateko tenorea dela uste dute. «Aski da jendea engainatzeaz, aski da piszifaktoriako amoarraietan dirua gastatzeaz, aski da kontrata, ikerketa, proiektu, elkartruke programa eta horrelakoetaz. Eta goazen modu serio batean gaia landu eta errekak  eta amoarrain populazioa be­rreskuratzen laguntzera».

Arrantzaleek proposatzen dituzten neurrien artean,  errekako fauna arrotza kontrolatzea dago, hala nola lertxu­nak, ubarroiak, loinak (madrilla) eta ahateak, baita karramarro amerikarra eta seinalea ere. Horretaz gain, amoa­rrain arraultzeekin (500.000 guttienez) eta amoarrain kumeekin birpopulatu beharko litzateke, «hori baita sistemarik merkeena».  Isurketak eta isileko arran­tza kontrolatzea ere eskatu diote.

Azken finean, Baz­tan-Bidasoa, erreka pilotu moduan hartzea eskatu diote kontseilariari eta herrietako elkarte­ekin elkarlanean aritzea errekaren kontserbazio eta hobetze lanean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun