Olaizola eta Bengoetxearen arteko finala abenduaren 9ra atzeratu da

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 27a

Eskualdeko bi pilotari handi, aurrez aurre abenduaren 9an, Lau t'erdiko finalean.

Olaizolak bizkarreko minez astebeteko atzerapena eskatu eta epaileek onartu egin diote

Aurreikusitakoa baino astebete beranduago izanen da Lau t’erdiko txapelketako finala. Olaizolak, bizkarreko minez, astebeteko atzerapena eskatu eta epaileek onartu egin diote.  Aurten sarrerak internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira, kantxakoek 100 euro balio dute.

Abenduaren 2an jokatzekoa zen Lau t’erdiko txapelketako finala. Baina Aimar Olaizolak, bizkarreko minez, astebeteko atzerapena eskatu eta EPELeko epaileek onartu egin dute. Horrenbestez, astebete beranduago neurtuko dituzte indarrak eskualdeko pilotariek. Abenduaren 9an, Gasteizko Ogeta pilotalekuan Oinatz Bengoetxea eta Aimar Olaizolaren arteko final handia jokatuko da. Leitzarra eta goizuetarra aurrez aurre. Sarrerak internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira, kantxakoek 100 euro balioko dute.

Aimar Olaizolak airean utzi zuen finala atzeratzeko ideia pasa den asteko azken entrenamenduan. Finalerdia jokatu ondoren jakinaraziko zuela esan zuen. Gerora jakin zen hamar egun zeramatzala bizkarreko minez, eta badaezpada ere astebete gehiago eskatu du sendatzeko. Hala, ohiko bi asteak izango ditu finalaren aurretik, bere finalerdia astebete geroago jokatu baitzen Irujoren sukarraren ondorioz. Oinatz Bengoetxeak ere ez du gogo txarrez hartu atzerapena, eta gaur bertan egingo du lehen entrenamendu saio berezitua Ogetan.

Enpresek finala abenduaren 2an jokatzea nahi zuten. Abenduaren 6 eta 8a jaiegunak direlako Hego Euskal Herrian, eta finala zubiaren bukaeran jartzea ez delako zaleak erakartzeko modurik onena. Baina, finalistaren eskubideek pisu handiagoa izan dute.

Finalerako kantxako sarrerek 100 euro balioko dute, iazko finalean baino hogei gutxiago.  Lehen pisuko harmailakoek, berriz, 50 euro balioko dute, eta errebotekoek, 40. Aurten sarrerak Internet bidez bakarrik erosi ahal izango baitira, azaroaren 27ko goizeko 11:00etatik aurrera, www.ticketmaster.es eta www.ticketea.com atarietan.

Bigarren Mailako finala ere atzeratuta

Lehen Mailakoaz gain, Bigarren Mailako finala ere astebete atzeratuko da. Jon Jaunarena leitzarrak abenduaren 8an jokatuko du Alvaro Untoriaren aurkako finala. Untoriak sorbaldako minez finala atzeratzea eskatu duelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun