Azaroaren 23an Izeta sariketaren bi kanporaketak egin ziren Baraibar eta Barañainen eta horien ondotik aurtengo sariketak baditu finalistak. Aimar Karrika (Auritz), Josu Sanjurjo (Lesaka), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Kotte Plaza (Elizondon), Iker Gorosterrazu (Ituren) eta Patxi Castillo (Bera) arituko dira ostiralean, azaroaren 30ean, Elizondon egingo den finalean. Lehenengo hirurek Barañaingo saioan lortu zuten sailkapena eta besteek, berriz, Baraibarrekoan.
Mariano Izeta bertso sariketako bosgarren edizioko finala Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatuko da. 21:00etan afaria izanen da eta horren ondotik jokatuko da saioa. Sarrerak 17 eurotan daude salgai, Elizondoko Kortarixar jatetxean, Fantxike dendan eta Nafarroako Bertsozale Elkartean. Aurkezle lanetan Gorka Urtasun arituko da eta epaile lanetan, berriz, Mikel Altzuart, Nerea Bruño eta Josu Etxanobe. Bertsolariek honako lana egin beharko dute: 8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, binaka launa kopla eta kartzelako lana, zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bina bertso.