Saralegi leitzarrak lehenengoz jantzi du II. Mailako Nafarroako txapela

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 19a

Ruben Saralegi leitzarrak irabazi du II.Mailako Nafarroako txapelketa, Mindegiak egin du bigarren eta Pellejerok berriz hirugarren postua lortu du. Eneritz Iraola

Pellejero eta Kastrok hirugarren eta bortzgarren postuak lortu zituzten

Azaroaren 16an jokatu zen finala Doneztebeko eskoletako pilotalekuan, eta leitzarrak mendean hartu zituen bertze lau aizkolariak.  Xabier Mindegia izan zen txapeldunordea, eta ondorioz, biak ariko dira datorren urtean Nafarroako Maila Nagusian. Ikusi argazkiak

Aizkorak zorrotz eta urduritasuna giroan, II.Mailako Nafarroako finala jokoan. Ortziralean jokatu zen norgehiagoka eta  Ruben Saralegik jantzi zuen lehenengoz  txapela. Aste baten buruan, jantzi duen bigarrena. Azaroaren 11n, Euskadiko Hirugarren Mailako garaipena ere eskuratu baitzuen 22 urteko leitzarrak. Ikusi argazkiak

Ruben Saralegirekin batera bertze lau aizkolari: Iban Resano (Dorrao), Asier Pellejero (Areso), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien) eta Raul Kastro (Urrotz). Aizkolari bakoitzak bosna pago-enbor ebaki zituen: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Leitzarrak mendean hartu zituen bertzeak, 16:04.26 minutuko denbora eginaz. 48 segundura,  Xabier Mindegia izan zen txapeldunordea.  Horren ondorioz, biak ariko dira heldu den sasoian Nafarroako Maila Nagusian.  Eskualdeko bertze bi ordezkariei dagokienez, Asier Pellejerok hirugarren postua eskuratu zuen eta Raul Kastrok berriz azken postuan amaitu zituen lanak, txapeldunak baino sei minutu gehiago behar izan zituen enbor guztiak mozteko.

 

Sailkapena

1. Ruben Saralegi (Leitza)                     16:04.29

2. Xabier Mindegia (Beintza Labaien)    16:52.33

3. Asier Pellejero (Areso)                       19:56.42

4. Iban Resano (Dorrao)                         21:01.39

5. Raul Kastro (Urrotz)                            22:19.31

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun