Udaberri giro bikaina izan dute Doneztebeko udazkeneko feria egunean. Horrekin animatuta, jendetza bildu da karriketan eta aziendak ere, azken urteetan baino gehiago plazaratu da. Ikusi bideoa Karrikako saltzaileen postuak ere ugariak izan dira. Ikusi argazkiak
Mendiburu eta Martin tratanteek behi aziendak bere aretzeekin plazaratu dituzte, baina horretaz gain, behorrak, poniak eta mandoak eta astoak ere aunitz eraman dituzte bertze abeltzainek. Hamar bat asto ttiki eta mando zaintzen, Donamariko Sorameneko Fernando Inda, 16 urteko gaztea zegoen. «Ongi hezitako mando gazte batengatik 3.000 euro ere eska daitezke» aipatu digu, «eskatzea libre da». Izan ere, aunitzek egurra ateratzeko erabiltzen dituzte mandoak, «baita Huesca aldean ere, basurdeak mendi zokoetatik ateratzeko ere». Asto ttikiengatik, berriz, 100 euro eskatzen zituen. Ttikiak izangatik, guziak arraza garbikoak zituen eta bakoitzak bere pedigria erakusten duen paperak ere bazuen.
Janari kontuak ere ezin alde batea utzi ferietan. Honela, turroiak, txorizoak, baratzuriak, gaztak, urdaiazpikoak… zer nahi gauza bazen erosteko moduan. Horretaz gain, taloak arrakasta izan dute aurtengoan eta hiru postu paratu dituzte leku ezberdinetan: Leitzako Saralegitarrek, Saldiasko talogileek eta Elizondoko Etxaideko errotakoek, artopilarekin batera, hirugiharra, gazta, txistorra edo txokolatea eskaintzen zuten.
Baina euskal produktuaz gain, aurten berrikuntza Galizakoa izan da. Pedro Ribeirok, Lugotik zuzenean, pulpo a feira eskaintzen zuen bere aterpean, platera 11 eurotan eta ribeiro edo albariño ardoaz bustita. 690 kilometro egin behar izan baditu ere, asteburuan Burgos aldean, Quincoces de Yuson eta Arnedon, Errioxan ere izatekoa da, bere bi lankiderekin batera.
Karrikako komertzianteen postuekin batera, elkartasuna adierazteko bertze batzuk ere baziren. Erreka elkarteak, Zuk aukeratu, zuk erabaki kanpainaren baitan duen proiektuaren berri ematen zuen, Saharaztanekoek udan Saharako neska-mutikoak gurera ekartzen laguntzeko tonbola antolatua zuten eta Anfasekoek, Itxusi argazkilari taldearen bitartez eta Oronozko suhiltzaileen laguntzarekin egindako egutegi solidarioa saltzen zuten 5 eurotan.
Arratsaldean, segida izanen du ospakizunak. Karrikako saltzaileak hor izanen dira oraindik, eta Nafarroako bigarren mailako aizkolari eta arpanlari txapelketak jokatuko dira 17:30etik aitzinera.