Endika Urrutia saldiastarrak eta Aizpuru III azpeitiarrak irabazi dute Oriamendi 2010 enpresaren Promozio txapelketa, azaroaren 3an Galarretan jokatutako finalean Ezkurra II eta Patxi Olazar doneztebarrei 40-27 irabazita.
Endika izan zen partidaren jaun eta jabe eta Promozio txapelketa dagoeneko ttiki gelditu zaiola erakutsi zuen. Jokoan sartzen zen bakoitzean, tantoaren norabidea aldatzen zuen, pilotari abiada handia ematen zion eta tantua gorrien alde paratzen zuen. Doneztebeko bikotea, urdinez, ez zen ongi aritu eta horrek ere erraztu zuen gorriek txapela janztea.
Halere, hasieran dirua Ezkurra II eta Olazarren alde atera zen. 11-6 galtzen hasi arren, hamahiruna berdintzea lortu zuten eta berriz ere urdin kantatzen zuten artekariek. Baina hor hautsi zen berdintasuna, Endika agintzen hasi baitzen eta arerioek bere erritmoaren arabera jokatu behar izan zuten. Aizpuru III ere beldurrez aritu zen, arriskatu gabe, eta pilotak onera eramanez, baina hori aski izan zen, Endikaren joko punttua eta tantoa akitzeko modua kontuan hartuz.
Honela, Endika eta Aizpuru III.ak hartu dute Matxin VI eta Agirrezabalaren lekukoa promozio txapelketako irabazleen zerrendan.