Jokoan da Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketa. Lau jardunaldietatik bi jokatu dira dagoeneko eta hau irakurtzen duzunerako, ezagunak izanen dira gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 390 kiloko txapeldunak zein diren. Azaroaren 3an Gorritin jokatutako saioan ikusitakoaren arabera, Berriozar eta Sakana izan daitezke txapeldunak, nagusitasunez irabazi baitzuten. Amaiurrek, gizonezkoetan, talde arras gaztearekin, galdu egin zituen Berriozarren kontrako bi tiraldiak eta Txantrearen kontra bat irabazi eta bertzea galdu. Kategoria hauetako bigarren eta hondar saioa azaroaren 10ean jokatzekoa zen Lakuntzan.
Ondotik, azaroaren 18an, gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia, eta talde mistoen 420 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da, oraindik erabaki gabeko lekuan. Gizonezkoetan, Basaburua-Imotzek ere taldea aterako du pisu honetan, Berriozar, Txantrea eta Amaiurrekin batera. Talde mistoak, berriz, Sakana-Amaiur, Basaburua-Imotz eta Berriozar izanen dira. Bi kategoria hauetako txapela Berriozarren azaroaren 24an jokatuko den bigarren saioan erabakiko da.