Ez da eskualdeko aizkolaririk izanen Euskal Herriko txapelketa nagusiaren finalean

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 15a

Floren Nazabal izan zen onena Elizondoko kanporaketan. Jon Rekondo, aldiz, finaletik kanpo gelditu zen. Koldo ALDUNTZIN

Jon Rekondo leitzarra zazpigarren izan zen Elizondoko kanporaketan

Azaroaren 18an, igande eguerdiko 12:30etik aitzinera jokatuko da Arbizuko kiroldegian Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketa nagusiaren finala eta joan den urtean bezalaxe, ez da eskualdeko aizkolaririk izanen. Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, Nafa­rroa), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia), Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Iñaki Azurmendi (Arriaran, Gipuzkoa), Unai Otaño (Ibarra,Gipuzkoa) eta Joxe Mari Olasagasti (Igeldo, Gipuzkoa) izan ziren Elizondon urriaren 28an jokatutako kanporaketan finalerako txartela lortu zuten aizkolariak, eta bakoitzak launa kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu beharko ditu Arbizun.

Floren Nazabal izan zen kanporaketako lehenengo sailkatua eta joan den urtean sei segundorengatik galdu zuen txapela berreskura­tzeko faboritotzat jo­tzen dute gehienek. 15 minutu eta 13 segundo behar izan zituen lanak akitzeko eta honela, Santiago Arrospidek 1986an ezarritako marka hobetu zuen.  Aizkolari guztiek iazko denborak hobetu zituzten eta materialak zerikusia izan zuen. Nazabalek erraterako, 3 minutu eta 43 segundoan hobetu zuen iazko denbora eta 02:20 minutuko aldea atera zion Atutxa, biga­rren sailkatuari. 

Kanporaketako eskualdeko ordezkari bakarrak, Jon Rekondo lei­tzarrak, zazpigarren egin zuen eta finalaren atarian geratu zen. Rekondok lan erdietan kasik minutu bateko aldea ateratzen zion Olasagastiri, baina, azkenean zazpigarren izan zen.

Igandean jakinen da nor izanen den Euskal Herriko I. mailako aizkora txapelketako txapel­dun berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun