Liburua aurkeztu eta markak ondu dituzte Harria 100 jaialdian

TTIPI-TTAPA 2012ko aza. 15a, 15:47

Harria 100 jaialdian parte hartu zuten harrijasotzaile batzuk eta liburuaren egileak. Utzitako argazkia

Harria eta harrijasotzaileen azken 100 urteetako historiari aitortza

Urriaren 20an, Donostian HARRIA 100 ekitaldi handia ospatu zen, Harria taldeak antolatuta. Helburua, azken ehun urteetako harriaren historia, eta harrijasotzaileei aitor­tza egitea zen. Horretarako, bi urtez egindako ikerketaren ondorioz egin den liburua aurkeztu zen, non harrijasotzaren sustatzaileei, izen handiko kirolariei, bizirik dauden 100 harrijasotzaileri eta harri mitikoei omenaldia egiten zaien.

Eguna HARRIA 100 urte Aitortza Historia liburuaren aurkezpenarekin hasi zen, San Telmo Museoan. Liburuaren egile diren Patxi Jauregi, Joseba Urretabizkaia eta Miguel Iriartek, Donostiako udaletxeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Kutxako ordezkariez lagunduta aurkezpena egin zuten.

Eguerdian, Victoria Eugenia Antzokian, he­rri kirola musika, antzerkia eta dantzarekin uztartzen duen ikuskizun berritzailea agertu zen taula gainean.  Oreka TX, Kukai dantza konpainia, Amaren Alabak kantariak eta hainbat herri kirolari eta ekilibrista, hiru harrijasotzaileren errekor saia­kerekin uztartu ziren. Erre­kor saiakera egin zuten herri kirolariak Aimar Irigoien, Idoia Etxe­berria eta Urdax Magunazelai izan ziren. 

Magunazelai abadiñoarrak, 15 urterekin, 200 kiloko ha­rria altxa­tu zuen, aitzinetik zuen marka 9 kilotan hobetuz. Epaileak lehengo altxaldia ez zion balekotzat eman, baina bigarrenean lortu zuen. Aimar Irigoien berak ere adin horrekin lortu zuen, baina errezildarra zaharxeagoa zen marka egin zuenean.

Ondoren, Idoia Etxe­berriaren txanda izan zen. Oriotarraren nahia 150 kiloko harri errektangularra jasotzea zen, eta horretarako bost minutuko saio bat izan zuen, eta marka lortuz gero, orain arte emakume batek ofizialki inoiz egin ez duena egingo zuen.

Azkenean lau jasoaldi lortu zituen Idoiak, eta marka ederra utzi zuen eginda. Lanik handiena lehen jasoaldiak eman zion, doi-doi lortu baitzuen bizkarraren gainean berdintzea. Bigarrengoa, berriz, dotore jaso zuen, eta hirugarrengoak, lan gehiago eman bazion ere txukun jaso zuen. Agian jasoaldirik ederrena laugarren eta azkena izan zen.

Azkenik, Aimar Irigoienen txanda izan zen, eta errezildarrak ere ez zuen hutsik egin. Honek 125 kiloko zilindro zaharra jaso behar zuen bost minutuan, baina lehen berak zeukana ondu behar zuen. 43 jasoalditan zegoen marka, eta Donostian bi gehiago eman zizkion , lan bikaina eginez.

Ondoren, Manteo Kiroldegian 800 pertsonentzako bazkaria eta liburuan agertzen diren kirolariei omenaldia egin zitzaien. Hau guztia bertsolari eta zuzeneko musikaz lagundurik.

HARRIA 100 egunaren sustatzaileak harria eta herri kirolarekin arduratuak dauden 6 per­tsona dira. Etorkizunera begira indarrak ba­tzeko ekitaldia antolatu nahi izan zuten.

 

HARRI JASOTZEA -  Aitzinako kirol baten ehun urteko historia dokumentatua

Harri jasotzeari buruzko lehenbiziko dokumentazioa 1910. urtekoa da, nahiz eta herri kirol hau aunitzez lehenagokoa den. «Modalitate zaharrenetakoa da, baina ez dago horren inguruko dokumentaziorik eta agiririk» dio Patxi Jauregi, Harria 100 liburuaren egileetako batek. Joseba Urretabizkaia argazkilariak, harrijasotzaile bakoi­tzari bere harri kuttunarekin argazkia atera dio: «Ez daude argazkietarako posatzera ohituak, baina modelo onak izan dira», aipatu du Urretabizkaiak. 

Kirol hau apostuen in­guruan jaio zen eta Arteondo izan zen ikuskizuna plazara eraman zuena eta gaur egun ezagutzen ditugun harrien neurriak eta pisuak ezarri zituena. Harrijasotzearen bigarren iraultza Iñaki Perurena leitzarrarekin ailegatu zen. «Ha­rria ulertzen eta gara­tzen jakin izan zuen”, dio Urretabizkaiak. Argazkilariaren ustez harrigarria da 100 kilo ez duen pertsona batek bere pisua hirutan altxatu izana.

Baina harrijasotzaileek ez ezik, harriek ere bere pertsonalitate eta izaera propioa dute hain­bat kasutan, hala nola Albizuri handia edo Igeldoko harriaren kasuan. Azken hau Uxarbek eta Luis Mari Telleriak atera zuten itsasotik.

 

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!