Kanpoan euria jauts ahala ari zuelarik, Larraldea baserriaren barnean giro bero beroa bizi izan da gan den hazilaren 4an Senpereko bederatzigarren kantu xaharren bazkarian. Herri kultura, ahozko ondarea eta adineko herritarrak ohoratuak izan dira Oxtikenekoak elkarteak sortu eta orain Artxeroak gazte kantari taldeak apailatzen duen bestan.
Ehun bat kantuzale bilduak ziren Larraldean eta eguerdiko zintzur bustitzean berean kantuz hasiak ziren batzuk! Gero giro ona, umorea eta elgarrekin momento goxoa pasatzeko gogoa haunditu dira.
Azken urteetan hil diren kantuzaleak ohoratu dituzte ere nehork ez baititu ahantzi Elorga, Apextei, Auger Ibarra edo Simone Bergara berriki zendua... Arbasoak gogoan bestak aintzina segitu du Fifine Billonen eta Dolores Fagoagaren kantuekin bertzeak bertze. Gazteek ere lekukoa hartua dute hor baiziren Senpere, Banka eta Aldudeko kantari gazteak, hauen artean Izarrak taldean hain ederki ari diren Xeline Bidart eta Kattin Intxauspe. Izan da hor kantu eder eta sakonak entzuteko parada. Bertzalde, Pantxoa Berho harakinak eta bere familiak moldatua zuten bazkaria, ahotik ezin utzia, eta denek atsegin haundiz ikusi zuten Artxeroak taldeko mutilek bazkaltzaleak zerbitzatu dituztela irriz eta kantuz! Aintzineko hitz orduetan bilduak eta grabatuak izan diren kantuak Leku Ona etxean saltzeko diren zonbait liburu eta diskota agertzen dira. Kantu xaharren eguna bi urte guziz ospatzen da bainan ikusiz aurtengo giroa zoin ederra izan den, ainitzek uste dute maizago behar litzatekela egin...
Hasteko goresmenak besta hau sortu dutenei eta lekukoa hartu dutenei, agian luzaz!