Ortziralean ospatuko dira Doneztebeko udazkeneko feriak

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 15a

Aurten ere Merkatu Plazan, aziendak, abeltzainak, ganaduzale eta bisitariak elkartuko dira.

Azienda eta karrikako girotik, arratsaldeko herri kirol jaialdira

Ohiturari eutsiz, San Martin ondoko ortziralean datoz eskualdeko udazkeneko bigarren feriak. Aurten, azaroaren 16an suertatu dira. Goizean, aziendak ikusteko aukera izanen da Merkatu Plaza inguruan. Salmenta postu, taloak eta bertzelakoak ere ez dira faltako eta aurten, herriko merkatariek ere beraien produktuak aterako dituzte karriketara. Arratsaldean, herri kirolekin zita. Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren eta Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketaren finalak jokatuko baitira, 17:30etik aitzinera.

Ohiturari eutsiz, San Martin ondoko ortziralean datoz eskualdeko udazkeneko bigarren feriak. Aurten, azaroaren 16an suertatu dira. Goizean, aziendak ikusteko aukera izanen da Merkatu Plaza inguruan. Aziendez gain, nekazaritzako tresna berrien erakusketa izanen da aparlakekuan. Salmenta postu, taloak eta bertzelakoak ere ez dira faltako eta aurten, herriko merkatariek ere beraien produktuak aterako dituzte karriketara. Arratsaldean, herri kirolekin zita.

Herri kirol saioa

Urteetako ohitura da Doneztebeko ferietako arratsaldean herri kirol saioren bat antolatzea eskolako frontoian. Batzuetan jaialdi arrunta izaten da, baina gehienetan, txapelketaren bat edo gehiago ere jokoan izaten da. Hala suertatu da aurtengoan ere, ez nolanahiko txapelketak gainera, Nafarroako Herri Kirol Federazioak iragarri duenez. Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren eta Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketaren finalak jokatuko dira, 17:30etik aitzinera. Ferietako herri kirol jaialdia ikusteko 10 euroko sarrera ordaindu beharko da.

Aizkorari dagokionez, abuztuaren 26an Gorritin jokatutako kanporaketan sailkatutako lehen bostak izanen dira finalean: Ruben Saralegi (Leitza), Iban Resano (Dorrao), Asier Pellejero (Areso), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien) eta Raul Castro (Urroz). Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko du.

Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketako bortz bikoteen artean ere izanen dira eskualdeko ordezkariak. Zehazki, Andoni Irigoien (Aniz) eta Guillermo Etxe­nike (Irurita), Oier Kañamares eta Imanol Kañamares (Arostegi), Xabier Gallardon eta Aitor Danboriena (Etxalar), Alberto Oteiza (Larrageta) eta Adrian Berruezo (Ibero) eta Xabier Urrutia (Arraioz) eta Asier Arretxea (Narbarte) ariko dira. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrari 4 epai egin beharko dizkio bikote bakoitzak. Txapeldunak mailaz igoko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun