Egoera zaila bizi dute Nafarroako nekazariek. Pentsuen prezioen gorakadari eta sektorearen egungo krisiari Nafarroako Gobernuaren azken neurriak gehitu behar zaizkio. Nafarroako Gobernuak aurkeztu berri dituen aurrekontuetan «aizkorakadak sartu» dituela salatu du EHNEk. Diotenez «Landa Garapen eta Ingurumen sailak %20,8ko murrizketa izango du. 2008tik gaur egunera %55 murriztu dira sail honetako aurrekontuak».
Datozen urteetan, indarrean sartuko den Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformak ere ez duela mesederik eginen aipatzen du nekazarien sindikatuak «aurreko politikek izandako akatsak sakontzen ditu: ez ditu merkatuak arautzen, ez ditu ekoizpen kosteak bermatuko dituzten prezioak bultzatzen, ekoizpenak liberalizatzen ditu, espekulazioaren eta merkatu handien mesedetan dihardu». EHNEK aurrekontu hauek ukatu ditu eta talde parlamentarioen bidez zuzenketak aurkeztu ditu. Azken urteetako aurrekontuetan ikusten ari diren tendentzia ikusirik «etorkizuna larri» ikusten dutela diote.
Egoera honen aitzinean, EHNEK manifestazioa deitu du. Antoniuttu parketik aterako dira eguerdiko 12:00etan eta baserritar guztiei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die.