Baztan-Bidasoaldeko arrantzale elkarteek eskutitza igorri diote Javier Esparza, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari, errekaren eta arrantzaren egoeraz kezkatuta eta zenbait hobetze neurri hartzea eskatuz.
Zehazki, Bidasoa, Pagolleta, Abelu, Bidasoa-Berroaran, Mendaur, Usoa, Baztan, Legasa eta Arantzako Usua ehiza eta arrantza elkarteetako presidenteek sinatu duten gutunean, Bidasoa eta bere adarrak erreka pilotu moduan hartzea eta berriz ere birpopulaketari ekitea eta isurketak eta isileko arrantza kontrolatzea eskatu dute.
Arrantzale hauen ustez, «urteetan erreketako kudeaketa kaxkarra egin du Nafarroako Gobernuak, bereziki Baztan-Bidasoaldean, erreka buru guzietan arrantza debekatuz, arrainen neurriak handituz, kupoak murriztuz eta arrainkume eta arraultzeen birpopulazioak minimoetara eramanez». Arrantzaleei «zangotraba ugari» paratu zaizkiela eta horregatik «aski da» errateko tenorea dela uste dute: «Aski da jendea engainatzeaz, aski da piszifaktoriako amoarraietan dirua gastatzeaz, aski da kontrata, ikerketa, proiektu, elkartruke programa eta horrelakoetaz eta goazen modu serio batean gaia landu eta errekak eta amoarrain populazioa berreskuratzen laguntzera».
Arrantzaleek proposatzen dituzten neurrien artean, errekako fauna arrotza kontrolatzea dago, hala nola lertxunak, ubarroiak, loinak (madrilla) eta ahateak, baita karramarro amerikarra eta seinalea ere. Horretaz gain, amoarrain arraultzeekin (500.000 guttienez) eta amoarrain kumeekin birpopulatu beharko litzateke, «hori baita sistemarik merkeena». Isurketak eta isileko arrantza kontrolatzea ere eskatu diote.
Azken finean, Baztan-Bidasoa erreka, erreka pilotu moduan hartzea eskatzen diote kontseilariari eta herrietako elkarteekin elkarlanean aritzea errekaren kontserbazio eta hobetze lanean.