1964ko Errege Egunean joan zen Ameriketara lehen aldiz Etxeberriko Juan Fermin Indakoetxea Indakoetxea. Gaur egun 75 urte ditu eta hilabete bat eman du sorterrian, Dolores arrebaren eta Miguel Arregi koinaduaren Exkinako Etxean eta berriz itzuli da Estatu Batuetara, Coloradora.
Ameriketara joan eta lehenbiziko borreguero aritu zen hiru urtez, guk artzain deitzen duguna, 2.000 ardirekin. Gero, beste hiru urte kanpero aritu zen, kotxearen karneta atera eta janaria partitzen artzaiei eta aziendei. Sei urte pasatuta hango residentziako paperak egin eta hiltegi batean aritu zen, 62 urterekin jubilatu bitartean. «Hiltegi hartan 5.000 behi hiltzen genituen egunero», dio.
Azkeneko aldiz duela hameka urte etorri zen. Aisa laketu omen du hilabete honetan, baina aldaketak somatu ditu: «Etxe berri asko ikusi ditut, herria asko handitu da, baina aldi berean baserri gehienak hutsak ikusi ditut». Erabat bizitzera etorriko litzatekeen galdetuta, ezezkoan dago Juan Fermin. Izan ere, familia badu han, emaztea eta lau alaba. Hauek ez dakite euskaraz, baina berak ongi mantentzen du. «Bai, Aliko Juanikorena zubietarra ere herri berean bizi da eta tarteka berekin eta Sunbillako Patxikito eta Joxemarirekin elkartu eta musean aritzen gara eta elkarrekin euskaraz solasten dugu».
Txistularia da Juan Fermin eta aurreko aldian, herriko festetan txistua eta danborra jo zuen plazan, ordubeteko zortzikoa, Migelteneko Ferminen laguntzarekin. Errandoneko Lizartzako bordan Patxikurekin ikasi zuen txistua igande arratsaldetan. Tanborra soldaduskan ikasi zuen.