Bigarren urtez segidan Ernadi rock jaialdia ospatu zen azaroaren 3an. Batzuen harridurarako eta bertzeen gozamenerako herriari ezohiko bizitza eman ondotik gaueko kontzertuei ekin zioten. Malerrekako Gazte Asanbladako kideek diotenez, eta lasai aski erran dezakete, «Kaskezurren rock and roll doinuekin, Afurekin gerriak astinduz, Bide bakarraren orruekin buruei eraginez edo Garraxirekin zintzurrak urratuz lokartzeko tarterik ez zela egon». Beraz, inoiz baino ernatuago eta lanerako gogotsuago daudela uzten ditu aurtengo Ernadi rock-ek Malerrekako gazteak: «Datorren urtean gehiago eta hobe!!!».