Bidegurutzea moldatzeko proiektua onartu dute baina data zehaztu gabe

Maider PETRIRENA 2012ko azaroaren 14a

N-121-A errepidetik herrira sarbide duinak eskatuz mobilizazioak egin zituzten sunbildarrek 2010. urtean. Orain, proiektua onartu du Nafarroako Gobernuak. Artxiboko argazkia

3,6 milioiko aurrekontua izanen luke eta gaur egungo errepide azpitik pasabidea eginen litzateke

 Nafarroako Gobernuak onartu du N-121-A errepideko Sunbillako bidegurutzea moldatzea. Iruñera aldeko sarbidean eginen liratekeen lanek 3,6 milioi euroko aurrekontua izanen dute eta gaur eguneko errepidea pixko bat altxatuko litzateke eta azpitik pasabidea eginen litzateke. Hala ere, proiektua onartu a­rren, ez du data zeha­tzik, krisiaren eraginez Gobernuak ez baitu dirurik eta Luis Zarraluqui Sustapen Departamentuko kontseilariak ez baitu Sunbillakoa lehentasuneko lanen artean sartu. Traktoreen sartu-irteerak ere zehaztu beharko lirateke, gaur egungo araudiak ez baitu nekazaritza ibilgailuak lehen mailako errepi­deen azpitik pasatzen uzten.

Tristea da horrela ibili behar izatea, baina  bidegurutze honetan heriotzak izan dira, hain zuzen ere 2005ean haur­dun zegoen neska bat hil egin zen eta 2008­an be­rriz Baztanesa autobusa eta kamioi baten artean izan zen talkarengatik, 8 zauritu izan ziren, bat oso larri. 
 
Ho­rregatik, mobilizazioak egitea erabaki zuen udalak 2010eko ekainetik aitzinera, sarrera duin batzuk eskatuz. Herritarrek ere parte hartu zuten errepide moz­ke­tetan. Ekaina eta uztailean ordu laurdenekoak izan ziren eta beti ere norabide baka­rra moztuz, abuztuan eta irailean ordu erdikoak. Nafarroako Gobernuak ez zuen errepidea erabat mozteko baimenik eman, hori egiteak kargu publikoen inhabilitazioa ere ekar zezakeelako. IAT-aren inaugurazioa zela eta 2010eko irailaren 7an sunbildarrak bertara­tzea erabaki zuten, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente etorri zelako, Begoña Sanzberro, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilariak lagunduta. Miguel Sanz-ek aipatu zien ez zela bizilagunen kontrako erabakirik hartuko eta bidegurutzearen soluzioa hurrengo Errepideen planean emanen zela. Horren ondorioz udalak erabaki zuen mobilizazio gehiago ez egitea.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun