Gazteak eta emakumeak. Talde berria izanagatik, Iparraldeko neskatxak gogotsu dabiltza beren lanetan. Iduzki Soubelet, Elorri Arin eta Aitziber Zapirain Altxaneskatxa gazte talde feministako kide dira. Gazte Oihuak haiekin hitz egiteko aukera izan du.
Nork osatzen duzue Altxaneskatxa?
Lapurdiko emazte gazte talde bat gira. Gehienak gure artean ezagutzen gira, lagunak edota militante kideak girelako. Adinari dagokionez, bataz bestea 25 urte ingurukoa da, baina 17 urtetik 35 urtera doa. Momentukoz, Altxaneskatxako kideak Lapurdi kostaldekoak gira, nahiz eta gure helburuetako bat Iparraldea saretzea izan.
Nola sortu zenuten taldea? Zergatik?
Lagun taldeen artean, emazteen arazoez askotan hitz egiten ginuela konturatu ginen eta horren inguruan lanketa berezia egiteko beharra sentitu genuen. Gure sorrera kontestu historiko-geografiko batean kokatu behar dugu. Iparraldean feminismoaren lanketa 80. hamarkadan hasi zen Patxa mugimenduarekin, baina urteak joan ahala bere inaktibazioa gailendu egin da. Hegoaldeari dagokionez, aurten Bilgune Feministak 10 urte ospatu ditu, eta gutako bost topaketetara hurbildu egin ginen. Handik formakuntza eta babes handia sentitu genuen, gure errealitatean lan egiteko indar berrituta itzuliz. Gure taldea osatzen hasi ginenean, hau da 2011ko neguan, lehen hurbilketak egin genituen Bilgunearekin.
Nola lan egiten duzue?
Hilabetero behin ikusten gira, igandez. Igandeak normalean tristeak izaten dira, lasaiak, horretarako egun hori hautatu dugu gure artean kafesne baten inguruan gure lanketa eta taldetxoa aitzina eramateko. Hurbiltzen girenen artean batek idazkari papera hartzen du, ondoren akta neskatxa guztiei bidaltzeko.
Zer egin duzue orain arte?
Sortu berriak girenez, hasierako ezagutza fase batean murgildu gira, hau da bakoitzak duen ezagutza eta esperientziak bata besteari elkartrukatuz. Antzerki tailer arrakastatsu bat antolatu genuen, neska guztien partehartze eta umore ezin hobearekin. Sextabaida bat ere aitzina eraman genuen krakada baten inguruan. Orain arte egin ditugun ekimenetan gure arteko ongizatea eta errespetua zaintzeko ardura hartu dugu.
Nola ikusten duzue egoera?
Oso positiboak gira gure geroari begira. Ideia eta proiektu desberdin asko ditugu gure esku artean. Baina errealistak ere izan behar gira, eta denborarekin hartu behar ditugu gure nahiak.
Eskualdeko gazteek zer kontzientzia maila dute gai hauen inguruan?
Gure artean hitz egiten dugunean, ohar gaitezke, gizarte patriarkalaren normak oso ongi barneratuak ditugula. Lanketa berezirik ez da egiten gai honen inguruan, baina orokorrean ez du gazteria ukitzen bakarrik.
Laister azaroaren 25a...
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunari begira, Altxaneskatxak Azkaingo gaztetxean filma bat emango du, ondoren eztabaida gune bat proposatuz. Bestalde, Emazteek Diote Hazparneko taldeak 10etan elkarretaratze batera deia egiten duela gogorarazi nahi dugu.
Aitzinera begira zer asmo?
Gure taldea sortu berria denez, lehenik indartzeko asmoa dugu. Garrantzitsua ikusten dugu gure buruak elikatzen joatea, bai indibidualki baina baita ere kolektiboki, gizarte patriarkal hegemonikoen aurrean borrokatzen ibiltzeko. Bestalde, nahiko genuke gu bezalako taldeak garatzea, azken batean feminismoa garatzen joateko.
Zer erranen zeniekete eskualdeko gazteei?
Izan neska ala mutil, lesbiana ala gay, bakoitzak astindu dezagun gure garuna gizarte orekatu eta parekideagoa osatzen hasteko! Gora borroka feminista!!