Berdintasunak indarkeria ezabatzen du lelopean, elkarteratzea, dokumental emanaldia, autodefentsa ikastaroa eta antzezlana antolatu dituzte azaro hondar eta abendu hasieran.
BAZTAN
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna ospatzen da azaroaren 25ean. Berdintasunak indarkeria ezabatzen du lelopean, ekitaldi desberdinak antolatu ditu Baztango Udalak. Azaroaren 23an, ortziralean bortz minutuko elkarretaratzea eginen dute 12:30ean Balleko Etxearen aitzinean. 21:00etan, Erratzuko lixutegian, genero indarkeriaren inguruko dokumental emanaldia eginen dute.
Azaroaren 24an, larunbatean, emakumeendako autodefentsa ikastaroa antolatu dute. 10:00etatik 14:00etara, eraso baten aitzinean nola erantzun, babeserako teknikak... ikasiko dituzte. Emagin dokumentazio eta ikerketarako zentro feministako kideek emanen duten ikastaroa. Izen emateko azken eguna azaroaren 20a da. Interesa dutenek: Baztango Udaletxeko Berdintasun Zerbitzura jo, 948 580006 telefonora deitu edo igaston@baztangoudala.eu helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Emakumeen aurkako indarkeriaren egunean, azaroaren 25ean, Iruñean eginen den manifestaziora joateko deialdia egin dute. 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik. Ekitaldiei amaiera emateko, abenduaren 9an, igandean, Iruritako Damaso Zabalza Bilgunean Eta Karmele? antzezlana ikusteko aukera izanen da 19:00etan.
BORTZIRIAK
Arantzan, Amazonas filma eskainiko dute azaroaren 24an, larunbatean. Lesakan, autodefentsa ikastaroa eginen da azaroaren 17an eta azaroaren 25ean elkarretaratzea eginen da eguerdian.
Beran, prostituzioari buruzko mahaingurua eginen da (11. orrian).