«Autoesplorazioa da bularreko ­minbiziaren aurkako arma bakarra»

Eneritz IRAOLA 2012ko azaroaren 13a

Nieves Biurrarena bularreko minbizia gainditu duen sunbildarra. Utzitako argazkia

Hogeita hemeretzi urte zituenean sumatu zuen Nievesek koxkor bat bularrean. 2008ko Irailaren 2an ebakuntza egin eta bularra eta ganglio guztiak kendu zizkioten. Kimio eta erradioterapia etorri ziren gibeletik. Oraindik ez da amaitu prozesua, tratamendu hormonal bat jasotzen ari baita. Gogorra izan dela dio. Zenbaitetan ispiluak islatzen zion emakumea ez zuela ezagutzen aitortzen du. Baina barrendik indarra atera eta aitzinera egin zuen. Bularreko minbizia gainditu eta bizitzaz gozatzen ikasi du. 

Nola antzeman zizuten gaixotasuna?

Duela lau urte izan zen. Dutxan nengoela bula­rrak ukitzen hasi eta koxkor bat sumatu nuen. Hilerokoarekin koxkor aunitz izaten nituenez, bi hilabetez utzi nuen ea pasatzen zen. Baina ez zen pasa. Minbizia nuela erran zidaten orduan.

Nola izan zen prozesua?

Abuztuaren 13an jaso nituen emaitzak eta bularra eta ganglioak ere kendu beharko zizkidatela erran zidaten. Irai­laren 2an ebakuntza egin zidaten. Ondoren kimioaren txanda izan zen, sei sesio hartu nituen, hiru astez behin  joaten nintzen eta erradioterapiako 35 sesio gero. Ez zen hor akitu dena. Bortz urtez tratamendu hormonal bat hartu behar dut.

Alderdi fisikoa edo psikologikoa, zer da gogorragoa?

Alderdi fisikoari aurre egitea kosta zait gehien. Irailaren 2an ernatu eta bularra falta nuela ikustea gogorra izan zen. Hamabi kilo gizendu nin­tzen sei hilabetetan. Gero, kimio sesioa hartu eta hamabortz egunetara hilea eror­tzen hasi zitzaidan, sekulako kolpea izan zen. Ispiluaren aitzinean jarri eta nire burua ikustea oso gogorra egiten zitzaidan, han agertzen zena ez nin­tzen ni. Ez nuen ikusten ez nire aurpegia, ez gorputza... ez ezer. Lotarakoan ere sahietsean mina hartzen nuen eta bularrak pisua duenez, pisu hori ez duzula ere nabarmena da. 

Psikologikoki indar­tsu egotea beharrezkoa al da?

Gorputzari gogor egiten badiozu, indarra emanez, aitzinera botatzen duzu. Ni sendatuko nintzela ziur nengoen. Medikuek minbizia nuela erran zidatenean, argi hitz egiteko eskatu nien nik nire esku zegoen guztia nik ja­rriko nuela. 

Elkarteren batera jo al zenuen? 

Diagnostikoa jakin eta berehala Saray elkartera jo nuen. Behar nuen laguntza guztia jaso nuen. Minbizia duzula jakitean inguruko jendearen babesa suma­tzen duzu baina, beldur eta zalantza ba­tzuk nituen eta batzuetan jendeak ez ditu zure ikarak ulertzen. Elkartean daudenek bai. Lasaitasun handia ematen du zure antzeko egoeran daudenekin egoteak.

Nola ekidin liteke bularreko minbizia?

Autoesplorazioa da bularreko minbiziaren aurkako arma bakarra. Zure bularrak ezagutzea oso garrantzitsua da. Niri horrek salbatu nau. Autoesplorazioaz gain mamografiaren aukera ere badago. 45 urtetik gorakoei mamografiak dohainik egiten zaizkie baina mu­rrizketekin ez dakigu zer gertatuko den.

Alde horretatik heziketa bat beharrezkoa litzateke orduan?

Emakume guztiok jakin beharko genukeen gauza bat da.Ginekologora joaten garen lehenengo aldian autoesplorazioa nola egin erakutsi beharko ligukete, baina ez dute egiten. Informazio gehiago eman beharko litzateke. Ikusi nahi duenarentzat Saray-en web orrialdean jarri dugu nola egiten den autoesplorazioa.

Zertan aldatu zaitu gaixotasunak?

Zure proiektuak alda­tzen dira. Bizitzari bes­te zentzu bat hartzen diozu. Niretzat lekzio bat izan da . Ez dut esker­tzen minbizia eduki izana baina orain gehiago disfrutatzen dut bizi­tzaz. Momentua bizitzen dut. Bizitza larrosen parekoa dela ikasi dut. Oso ede­rra da baina arantzak ditu eta min ematen du batzuetan. Kolpe bakoi­tzarekin alertan jartzen zaitu bizitzak baina, kolpeen ondotik gehiago disfrutatzen duzu momentu guztietaz, ede­rragoa da dena. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun