Azaroaren 11n, Aldazko pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko III.Mailako txapelketako finala. Ruben Saralegi leitzarrak jantzi zuen estreinakoz txapela. Bortz nafar eta arabar batek jardun zuten eta Saralegik lehen aizkorakadatik hartu zuen aldea. Hirugarren enborra ebakita, 19 segundoko aldea zuen Jauregirekiko. Azken aizkorakada eman bitartean, areagotu egin zuen aldea txapeldunak. Azkenean 52 segundo atera zizkion leitzar gazteak Arkaitz Jauregi txapeldunordeari. Eskualdeko bertze bi ordezkarik ere jokatu zuten atzoko finala, Raul Kastrok laugarren egin zuen eta Asier Pellejerok berriz azken postuan amaitu zuen proba. Atzo lortutako emaitzen ondorioz, Saralegik eta Jauregik lortu dute datorren urtean II. Mailan lehiatzeko aukera.
Sailkapena:
1. Ruben Saralegi Martinikorena (Leitza, Nafarroa Garaia): 12:56.56
2. Arkaitz Jauregi Gorrotxategui (Ilarduia, Araba; 27 urte): 13:48.62
3. Julen Kañamares Mugertza (Berriozar, Nafarroa Garaia): 14:35.54
4. Raul Kastro Ezkurra (Urrotz, Nafarroa Garaia): 15:02.81
5. Iban Resano Igoa (Ergoiena, Nafarroa Garaia): 15:38.88
6. Asier Pellejero Otermin (Areso, Nafarroa Garaia): 16:52.00