Asteburu honetan hasi eta abenduaren 22ra arte, sei bikote txapelaren bila lehian. Erremonteaz gazatu nahi dutenek horretarako aukera izanen dute Galarraga (Hernani) pilotalekuan. Txapelketan parte hartuko duten sei bikoteak hauek dira: Oñatz-San Miguel, Ezkurra-Olazar, Juaristi-Ion, Urriza-Barrenetxea IV, Zeberio II-Aizpurua II eta Uterga- Etxeberria III. Bikote orekatuak egin nahi izan dituzte, lehia parekoa izan dadin. Hamabortz partiduko ligaxka jokatuko dute. Bikote guztiek guztien aurka jokatu beharko dutelarik. Aurten lehenengoz, irabazitako partiduen araberako sailkapena egin beharrean, puntuen araberako sailkapena eginen dute.
Puntuen bidezko sailkapena
Partida irabazten dutenek lau puntu eskuratuko dituzte, bikoteak galdu baina markagailuan 36-39ra iristen bada bi puntu lortuko ditu, 32-35 puntu egiten dituztenek puntu bat eta markagailuan 32 puntura iristen ez direnek ez dute punturik eskuratuko. Lehenengo fasean bi bikote geratuko dira kanpoan, azkeneko bi sailkatuak. Hala, puntu gehien eskuratzen dituzten lau bikoteak final-aurrekoetan izanen dira.
Ortzegun eta larunbateetan jokatuko dira kanporaketak arratsaldeko seietatik aurrera Galarraga pilotalekuan. Abenduaren 15ean izanen dira finalaurrekoko partidak eta abenduaren 22an jokatuko da finala. Abenduko azken aurreko larunbatean jakinen da nork hartuko duen Zeberio II eta Ionen, iazko Binakako Txapelketako irabazleen lekukoa.