Ola sagardotegian bisita gidatuak egiteko aukera azaro hasieratik

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 7a

Ola sagardotegiko burdinolaren aitzinean, bisita gidatuak aurkeztu zituzten unean.

Bi bisita mota aukeran sagardoaren mundua gertutik ezagutu eta dastatzeko

Jatorri eta adin guztietako bisitariek sagardotegia eta sagardoa egiteko prozesua hurbiletik ezagutzeko aukera izanen dute.  Batek sagardotegia eta sagardogintza gainetik erakusten ditue eta bertzeak sakonago ezagutzeko aukera ematen du. Erreserba aldez aurretik egin behar da, 943 623130 telefonora deituta.

Jatorri eta adin guztietako bisitariek sagardotegia eta sagardoa egiteko prozesua hurbiletik ezagutzeko aukera dute hilabete honetatik aitzinera. Azaro hasieratik Ola Sagardotegian bisita gidatuak eskaintzen hasi dira. Bi bisita gidatu jarri dituzte aukeran. Bata sagardotegia eta sagardogintza gainetik erakusten dituena da eta bertzea sakonago ezagutzeko aukera ematen duena. Sagardoaren elaborazio prozesua eta historia ezagutuko dute bietan bisitariek eta Ola sagardotegiko produktua dastatzeko aukera ere izanen dute. XIII.mendeko burdinola denez eraikina, bisitariek historian atzera egiteko aukera ere izanen dute, burdinolaren garai bateko aztarnak ikusi daitezkeelako. Erreserba aldez aurretik egin behar da, 943 623130 telefonora deituta.

Bisitarik luzenak ordu eta erdiko iraupena du. Ola burdinolaren historia ezagutzetik hasi, eta sagardoaren elaborazio prozesu osoa ikusteko aukera ematen da. Sagastietatik hasi, tolarean jarraitu eta upeltegian akitu arte. Bisitaren amaieran, guztiaren laburpen bat ikus-entzunezko baten bitartez ikusteko aukera ere izango dute pintxo bat dastatuz. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egin liteke bisita. 5 urtetik beherakoek sarrera dohainik izanen dute, 5-12 urtekoek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta 12 urtetik gorakoek berriz 10 euro. Asteartetik ortziralera egin litezke bisita hauek, goizeko 11:30ean eta gutxienez 20 laguneko taldea osatu beharko dute.

Bisita laburrago bat egin nahi dutenek, ordu erdiko iraupena duen bisita dute aukeran. Hauek ere Ola sagardotegiko XIII.mendeko burdinolari buruzko azalpenak jasoko dituzte eta sagardotegia barrendik ezagutzeko aukera izango dute. Bisita, sagardoaren inguruko azalpen, ikus entzunezko eta dastatze batek osatzen dute. 5 urtetik beherakoek doan izanen dute sarrera, 5-12 urtekoek 3 euro ordaindu beharko dituzte eta 12 urtetik gorakoek 8 euro. Euskaraz edo gazteleraz egin liteke bisita. Asteartetik ortziralera eguerdieko 13:00etan edo arratsaldeko 20:00etan egin liteke.

Bisitaren ondotik, bertan bazkaldu edo afaltzeko gogoa izanez gero, eskaintza bereziak jarri dituzte. Bisita eta eguneko menua, 18 euroren truke, bisita eta sagardotegiko menua 35 euroren truke edo haurrentzat pentsatutako bisita eta menua (kroketa, xolomoa patatein eta izozkia) 12 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun