Udaberri hondarrean hasi eta udazkenean akitzen dira eskualdeko herrietako bestak. Aurtizko San Martinak dira azkenak. Ortzegun arratsaldean emanen diete hasiera eta igandean akabila. Tartean aizkora apustua, bertso bazkaria, kontzertuak... gozamenerako aukera, egitarau zabala antolatu baitute.
Ortzegunean arratsaldeko 17:00etan botako dute bestei hasiera emateko altxaferoa. Ondoren trikitilari eta txistulariekin, herriari buelta emanen zaio, besta giroa herriko txoko guztietaraino zabaltzeko. 17:30ean haurren jokoak izanen dira frontoian eta ondoren berendua emanen zaie. Ohitura den bezala Pazi zopak izanen dira etxeetan. Gauean 22:30ean mus txapelketa eginen da Aurtizko ostatuan. Parte hartu nahi duenak momentuan apuntatu beharko du. Ondoren trikipoteoa.
Ortziralean, azaroaren 9an, 10:00etan herriko txistulari eta trikitilarien argi-soinuarekin ernatuko dira aunitz. 12:00etan Ander Erasun eta Joxemari Olasagastiren arteko aizkora apustua ikusteko aukera egonen da. 14:00etan herri bazkaria izanen da elkartean Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin. Bazkalondoko giroa Joxe Anjel akordeolariak alaituko du. Gauerditik aitzinera dantzaldia izanen da JOXE ANJEL akordeoilariarekin.
SAN MARTIN BEZPERAN TRIKITI DOINUAK NAGUSI
Azaroaren 10ean, larunbatean, San martin bezpera ospatuko dute. Goizeko 10:00etan argi soinuak izanen dira herriko txistulari eta trikitilarien eskutik. 11:30etan herriko gaztetxoen arteko pilota partiduak jokatuko dira frontoian. 17:30etan trikitixa jaialdiari hasiera emanen diote, herriari kalejiran buelta emanez. Ondotik, frontoian emanaldia eskainiko dute. 00:30ean GOZATEGI musika taldearen kontzertua izanen da eta jarraian, TRIKIDANTZ taldeak goizalderarte luzatuko du besta giroa.
Igandean, azaroaren 11n, San Martin eguna izanen da. 10:00etan argi-soinuak eta 11:00etan Meza Nagusia izanen da herriko patroiaren omenez. 12:00etan Ibintza Kultur Taldekoen dantza emanaldia izanen da. Arratsaldean, herri kiroletarako tartea, 18:00etan Martin Telletxea, Xegone eta Migel Anjel Telletxeak aizkora apustua jokatuko dute. Ondotik OIHANA ETA OIHANA trikitilarien dantzaldia izanen da. Bestei akabila emateko, ostatuan patata tortilla eta postre lehiaketa eginen dute eta trikitilariak egonen dira besta amaiera girotzeko.