Berriozar eta Sakana nagusitu dira Nafarroako goma gaineko sokatira txapelketako lehen jardunaldian

TTIPI TTAPA 2012ko azaroaren 5a

Amaiurrek talde gaztea atera du aurten eta zail izanen du txapela janztea. Koldo Alduntzin

Amaiurrek talde gaztea atera du aurten eta zail izanen du txapela janztea

Lehen saioko tiraldi guztiak irabazi zituzten Berriozarrek eta Sakanak Nafarroako goma gaineko sokatira Txapelketaren estrainekoan eta txapela janzteko hautagai nagusiak direla erakutsi zuten azaroaren 3an, Gorritin.

Lehen saioko tiraldi guztiak irabazi zituzten Berriozarrek eta Sakanak Nafarroako goma gaineko sokatira Txapelketaren estrainekoan eta txapela janzteko hautagai nagusiak direla erakutsi zuten azaroaren 3an, Gorritin.

Gorritiko Sorogain pilotalekuan ekin zitzaion azaroaren 3an goma gaineko Nafarroako Sokatira Txapelketari. Guztira lau jardunaldi jokatuko dira. Gizonezkoak bi pisutan lehiatuko dira eta zortziko taldeak izanen dira. Emakumezkoak berriz, seiko taldeak izanen dira, eta pisu bakarrean lehiatuko dira. Horrez gain, bi-bitako txapelketa ere jokatu zen Gorritin.

Gizonezkoen 640 kilokoan hiru talde lehiatu ziren: Berriozar, Amaiur eta Txantrea. Lehen txandan, Berriozar eta Txantrea lehiatu ziren, eta bi tiraldiak irabazi zituen Berriozarrek. Bigarren txandan, berriz, Berriozar eta Amaiur aritu ziren, eta berriro nagusitu zen Berriozar. Hirugarren eta azken txandan, Txantrea eta Amaiur lehiatu ziren, eta berdindu egin zuten. Lehen tiraldia Amaiurrek irabazi zuen, Txantrea irabazteko zorian izan bazen ere. Bigarrena bai, Txantreak eraman zuen, 40 segundoan.

Agerian gelditu zen Berriozarrek duela talderik indartsuena eta eskarmenturik handiena duena. Aldiz, Amaiurrek aski talde berria kantxaratu du.

Gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldiko sailkapena:

1. Berriozar: 6 tanto

2. Txantrea: tanto 1

Amaiur: tanto 1

Gizonezkoen 640 kiloko sailkapena, sailkapen orokorrari begira:

1. Berriozar: 3 puntu

2. Txantrea: 1,5 puntu

Amaiur: 1,5 puntu

 

Emakumezkoek 390 kilokoan jardun zuten, eta bi talde aritu ziren sokan: Sakana eta Basaburua-Imotz. Sei tiralariz osatutako taldeak dira pisu horretan. Bi itzulira jokatu zuten lehen jardunaldiko saioa, eta bietan garbi gailendu zen Sakana, lau tiraldiak irabazita.

Emakumezkoen 390 kiloko jardunaldiko sailkapena:

1. Sakana: 6 tanto

2. Basaburua-Imotz: 0 tanto

Emakumezkoen 390 kiloko sailkapena, sailkapen orokorrari begira:

1. Sakana: 2 puntu

2. Basaburua-Imotz: Puntu 1

Bi saio horiek bukatuta, bi-bitakoari ekin zioten, Nafarroako Txapelketan lehendabizikoz. Gizonezko batek eta emakumezko batek osatu zituzten taldeak. Hiru bikok jardun zuten, eta Berriozar nagusitu zen Basaburua-Imotz eta Amaiur menderatuta. Amaiur eta Basaburua-Imotzen arteko txandan, berriz, Amaiur gailendu zen.

Azaroaren 10ean, gizonezkoen 640 kilokoen bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 390 kilokoen bigarren jardunaldia jokatuko dira Lakuntzako pilotalekuan, 18:00etatik aitzinera. Beraz, hor erabakiko dira lehenbiziko txapelak.

Azaroaren 18an eta 24an, berriz, mutilen 600 kilokoen bi jardunaldiak eta 420 kiloko talde mistoen bi jardunaldiak jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun