Eskualdean genero indarkeriarekin lotutako 109 salaketa izan dira azken hamar urteetan

Eneritz IRAOLA 2012ko urriaren 30a

Erasotuen %5ak baino ez du jartzen salaketa eta gehienetan bikotekidea izaten da erasotzailea

Kolpe, irain edo bortxa. Emakume aunitzen amesgaiztoa da tratu txarrena. Badira egoera salatzeko erabakia hartzen dutenak, baina, asko dira oraindik isilean sufri­tzen segi­tzen dutenak. Azaroaren 25ean ospatzen da emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna, erasorik ez balego ospatu beharrik egonen ez litzatekeen eguna.

 Eneritz IRAOLA

Azaroaren 25a, besta eguna baino gehiago, alda­rrikapen eguna da. Hainbat urtetako isiltasuna apurtu nahiko lukeen aldarria. Emakumeen eztarrietatik minak eta beldurrak eragindako oihu gehiago ez egotea eskatzen duen eguna.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak ez dira baikorrak. Salaketa kopuruak ez du ­beheiti egin, azken hamar urteetan %92 igo da. Iaz 1.227 salaketa aurkeztu ziren Nafarroan. Hilabetean bataz bertze 102 salaketa egon zirela erran nahi du ho­rrek. Datuak, hala ere, errea­litatearen zati txiki bat baino ez du erakusten. Nafarroako Berdintasun Institutuaren arabera, erasoa jasaten duen ehuneko bortzak, hau da, hogei emakumetik batek jartzen duelako salaketa. Irune Gastonen, Baztango Udaleko Berdintasunerako Teknikariaren, ustez batez ere, depen­den­tzia emozional eta ekonomikoaren ondorioz gerta­tzen da hori «bikotekide edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria da gehienetan eta lotura sentimentalak hor daude, gainera askotan umeak ere tartean izaten dira. Bes­tetik, emakume askok ez dute independentzia ekonomikorik». 

Salaketa jarrita prozesua hasi bertzerik ez da egiten. Epailearen ai­tzinean berresten ez bada, aurreneko salaketa horrek ez du egoera askorik aldatuko. Zoritxa­rrez, hori gerta­tzen da Nafa­rroan salaketen ehuneko hogeiarekin. Ez dute salaketarekin aitzinera egiten eta erasotzailearen eskuetan erortzen dira bertze behin. Jokin Apezetxeak, Bortzirietako gizarte zerbitzuetako langileak judizialki prozesua aitzinera ematea oso gogo­rra dela azpimarratu du «mentalki oso indartsua izan behar duzu, frogak eraman behar dira, interrogatorioak bizitu, erasotzailearekin epaitegian berriz topatu... biktimari atentzioa eta laguntasuna eskaini behar zaio».

Familia eta lagunen babesa ezinbestekoa da halako egoera bati au­rre egiteko. Gastonek dio «erasotuak bakarrik ez dagoela sentitu behar du eta erruduntasun sentimendua urrundu. Erasotzen duena soilik da erantzulea. Emakume ho­rrekin lan egin behar da ahalik eta laste­rren, dagozkion baliabideak martxan jarriz».

 INDARKERIA GIZARTEAN

«Emakume eta gizon askok oraindik nor­maltzat jotzen dituzte jokabide batzuk. Ez dira kontziente indarkeria psikologikoa jasaten edo ematen ari direla».

 Irune GASTON (Baztango Udaleko berdintasun teknikaria)

SALAKETA PROZESUA

­­«Mentalki oso indar­tsua izan behar duzu, frogak eraman behar dira, interrogatorioak bizitu, erasotzailearekin epaitegian berriz topatu... biktimari atentzioa eta ­laguntasuna eskaini behar zaio».

Jokin APEZETXEA (Bortzirietako gizarte zerbitzuetako langilea)

 ERASOTZAILEEN ETA ERASOTUEN PERFILAK

Ez dago erasotzaile eta erasotuaren perfil zehatzik. Datuen arabera, 35 urte baino gazteagoa da indarkeria jasaten dutenen %25a. Gauza bera gertatzen da erasotzailearen inguruan. Horregatik Gastonen ustez «ezin dugu aurreikusi zein izango den erasotzailea edo erasotua. Ez da egia maila ekonomiko baxuko bikoteetan soilik ematen dela, kanpota­rren artean soilik ­ger­tatzen dela... Gezu­rrezko mito asko daude eta landu beharra dauzkagu».

INDARKERIA MOTAK

Tratu txar fisikoak, psikologikoa ere gibeletik dakar gehienetan. Aldiz, indarkeria psikologikoa jasan duten guztiek ez dute tratu txar fisikoa jasaten. Gastonen iduriz, indarkeria psikologikoa zailagoa da an­tzematen «emakume eta gizon askok oraindik normal­tzat jotzen dituzte jokabide batzuk. Ez dira kontziente indarkeria psikologikoa jasaten edo ematen ari direla». 

 IRTENBIDEA

­­­­­«Genero indarkeria identifikatu eta nola ematen den ezagutu behar dugu. Ondokoa ulertzen saiatu eta ingurukoei eredu egokiak eskainiz, indarkeriarik onartu edo justifikatu gabe». 

Teresa MARTINEZ eta Maite PERURENA (Leitzako Gizarte Zerbitzuak)

 IRTENBIDEA

Egoerari buelta emateko arazoaren identifikazioa da funtsa Teresa eta Maite, Leitzaldeko gizarte zerbitzuetako langileen ustez «genero indarkeria identifikatu eta nola ematen den ezagutu behar dugu. Ondokoa uler­tzen saiatu eta ingu­rukoei eredu egokiak eskainiz, indarkeriarik onartu edo justifikatu gabe». Gizarte aldaketa handi baten beharraz solasten du Apezetxeak «indarkeria se­xista ezabatuko bada, ezberdintasunak ezabatu behar dira lehenik eta horretarako ezinbestekoa da sozializazio-prozesuan eragiten duten erakunde eta mekanismo guztietan (familian, eskolan, hedabideetan,publizitatea, hizkun­tzan...) esku hartzea». Erabiltzen diren ereduekin kontuz ibili behar aipatzen dute Martinez eta Perurenak «ba­tzuetan eskain­tzen diren ereduak ez dira egokiak eta horiek zuzendu behar dira. Konturatu gabe indarkeria bultzatu edo indartzen duten baloreak erabili ditzakegu naturaltasun guztiarekin eta horiek dira, ­hain zuzen, kaltegarrienak».

ARAZOA NOLA AZALDU

Apezetxearen iritziz beti biktima hartu behar da kontuan «Gizarte langileen kode deontologikoan oinarrituz, biktimaren iritzia beti errespetatu behar dugu, bere nahiak kontuan hartuz. Publikoki salatu? Biktimarekin kontsultatuko dugu. Salaketa publikoaren bidez, herri txikietan alor pribatuan gertatutakoa publiko bihurtu dezakezu. Biktima ea arris­kuan dagoen ere baloratu behar da. Gure lehentasuna biktimari dau­den zerbitzu eta lagun­tzak eskaintzea da». Gastonek dio emakumea eraso­tzen denean, jendarte osoa erasotzen dela eta eran­tzun bateratu bat ematea beha­rrezkoa dela «jendarte moduan aho batez aski dela esan beharra daukagu. Erro soziala duen arazoa da eta ezin ditugu kasu isolatu moduan ulertu». Teresa eta Maiteren iritziz «eraso bat gera­tzean, gizarteak hutsuneak dituela sentitu beharko genuke eta hutsune horiek estaltzearen ardura guztiona dela, bakoitzak bere mailan».

Azaroaren 25a ospa­tzen den azken urtea dela esa­tea be­rri pozgarria litzateke. 109. salaketari dagokion erasoa, azken erasoa izan zela erran nahiko lukeelako ho­rrek.

 

ERASORIK JASANEZ GERO, ZER EGIN?

 Nora jo eraso bat gertatzean, larrialdiko kasuetan

112 Larrialdietarako telefonora deitu. Larrialdiak kontrolatzeko zentrala da eta urteko 365 egunetan, 24 orduz aritzen da lanean.

Jakin beharreko kontu gehiago

Erasotua EZ DAGO BAKARRIK, gertatutakoa ez da zure erantzukizuna: ERASOTZAILEA DA ERANTZULEA.

016 telefono zenbakian laguntza jasoko du. Doako telefonoa da eta fakturan ez da dei hori agertzen.

Izan konfidantza Osasun Zentroko profesionalengan.

Herriko Oinarrizko Gizarte zerbitzuetara joan.

Emakumeendako Udaletako edo Eskualdeetako Laguntza Zerbitzuetara jo.

Informatu alderdi legal guztiei buruz Emakumeei Laguntza Juridikoa emateko zerbi­tzuan (948 206287).

Salaketa jarri nahi badu, Segurtasun Inda­rrekin harremanetan jarri behar da (Foruzainak, Polizia…) eta salaketa epaitegietan be­rretsi.

Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoan zuzenbide, psikologia eta gizarte arreta emanen diote  (848 423376).

Informazio gehiago  Nafarroako Berdintasunerako Institutuan.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun