Idoia Gilleneari duela 25 urte diagnostikatu zioten lehen motako diabetesa eta Nerea Petrirenari orain dela 22 urte. Egun batetik bertzera, intsulina dosiaren beharra izan zuten. Aurretiazko abisu gehiegirik gabe agertzen baita gaixotasuna. Medikuntza aurrerapenek autokontrola eta intsulinaren dosifikazioan laguntzen badiete ere, gaixotasunak oraindik ez du erabateko sendabiderik. Aukeratu ez zuten bidelaguna dute alboan eta batzuetan gorroto badute ere, berarekin bizitzen ikasi dute dagoeneko.
Nola agertu zitzaizuen gaixotasuna?
Nerea PETRIRENA: Eskolako kurtso bukaerako bidaia baten ondoren izan zen. Bartzelonatik itzuli eta bi egunetara ospitalean ingresatu ninduten nahiko larri, ‘Cetoacidosis Diabetica’ batekin. Lehenengo agertzen diren sintomak egarria, pixalea eta pisua galtzea izaten dira. Gehienetan gosea izaten da, baina nire kasuan jateari utzi nion.
Idoia GILLENEA:10 urte nituenean diagnostikatu zidaten. Gehiegizko pisua nuen, normala baino gose gehiago edukitzen hasi nintzen eta asko jaten nuen arren, argaltzen hasi nintzen. 10 kilo galdu nituen hiru hilabetetan. Egarria eta pixarena ere nabaritu nuen eta ahoan eta belarrietan infekzioak ere izan nituen. Ingresatu eta diabetesa diagnostikatu zidaten.
Nola eragiten du zuen egunerokoan?
I.G.: Ez ditut oztopoak sentitzen, gehiago zailtasunak dira. Diabetesa eta biok elkarrekin bizi behar dugu. Azkenean une bakar batean ere zure albotik ez dela joango onartu behar duzu.
N.P.: Geroz eta guttiago eragiten dit, baina inoiz ezin atzendu hor dagoela. Garrantzitsua da gaixotasunarekin bizitzen ikastea eta ez beretako.
Zer nolako tratamendua behar du diabetesak?
N.P: Lehen motako diabetesa duzunean intsulina hartzea derrigorrezkoa da. Ariketa fisikoa eta dieta ere beharrezkoak dira. Bigarren motako diabetesarekin hasieran dieta eta ariketa fisikoarekin nahikoa izan daiteke kasu gehienetan. Diabetesaren kontrola okertzen bada, medikaziorekin hasten da.
Intsulinako ponpa erabiltzen al duzue?
N.P.: Bai, orain dela 7 urte hasi nintzen eta hagitz gustura nago. Heziketa berezia behar da erabiltzeko eta denontzat ez du balio.
I.G.: Ez, nik momentuz behar dudan dosia kartutxoen bidez hartzen dut.
Diabetesaren aurka zein neurri hartu litezke?
N.P.: Lehen motako diabetesaren aurka, momentuz ezin liteke ezer egin. Bigarren motakoa ez edukitzeko edo behintzat beranduago agertzeko dieta orekatu bat mantendu eta ariketa fisikoa egitea beha-rrezkoa da.
Nola bizi du gaixotasuna inguruko jendeak?
I.G.: Inguruko jendeak jarrera desbedinak hartzen ditu gaixotasunaren aitzinean. Izua, gehiegizko babesa, errefusa, inplikazioa... kasu eta pertsona bakoitzaren araberakoa da. Diabetesa duenaren jarrerak ere asko baldintzatzen du ingurukoek gaixotasuna nola biziko duten. Oreka aurkitzea beharrezkoa da. Familiak konfidantza eman, lagundu eta autonomia eman behar dio diabetesa duen pertsonari, baina gehiegizko kontrolik gabe. Hipogluzemia kasu bat ematen bada zein neurri hartu behar dituzten ere jakin behar dute, eta horri buruz informatzea gure erantzukizuna da.
Diabetesaren Munduko Eguna ospatzen da azaroaren 14an, zein mezu zabalduko zenukete?
N.P.: Heziketa beharrezkoa denez gizarte osoak jaso beharko lukeela. Horrela lortuko litzateke, diabetesaren eragina mundu osoan guttitzea.
I.G.: Interesgarria eta aldi berean beharrezkoa dela gaixotasun bera dutenekin harremanak izatea. Haiek zure azalean jarri eta hobeto ulertuko zaituztelako. Gauza bera egin behar lukete ingurukoek ere. Bertzalde aipatu, Iruñean urriaren 14an ekitaldiak eta ibilaldi bat eginen direla, eguna ospatu eta murrizketen aurkako aldarrikapenak egiteko, zuzenean eragiten baitigute.