Ederki joan zen herriko gazteek antolatutako Euskararen Eguna, programatutako dena bete baitzen.
Urriaren 12an, euriari aurre eginez, 8 lagunek egin zuten Makilipurdiko buelta, gotorlekuaren aztarnak ikusiz. Errandonea ostatuan pintxoak jan zituzten bueltan. Arratsaldean, 17 lagunek parte hartu zuten pintxo lehiaketan. Sagrario Etxekolonea izan zen irabazle. Hitzaldia ere eskaini Zuen Bixente Serrano Izkok Nafarroako konkistari buruz eta Juainas Paulek herriko historiaren inguruan.
Mus txapelketan 20 bikote bildu ziren. Iturengo Aberri eta Tomax izan ziren txapeldun eta azpitxapeldun herriko Leire eta Arantxa Mariezkurrena ahizpak. Hirugarren, Zubietako Josetxo eta Martxel Elizalde osaba-ilobak izan ziren. Gauez, rock kontzertua eskaini zuten Mattin, Manex eta Beñatek.
ESKULANGILEAK, DANTZA, BERTSOAK ETA BESTE GAUZA UGARI, EGUN HAUDIA
Urriaren 13a, larunbata izan zen egun handia. Kanpoko jende askorik ez zen ibili, baina egun polita atera zen. Josu eta Kattalinek lan handia egin zuten serigrafia tailerrean. Dantza taldea ere ongi, 20 bat lagun ibili ziren eta Zubietako Dantza Luzea plazaratu zuten. 14 eskulangileren lanak ikusgai izan ziren, ohikoez gain, Elgorriagako Maria kanutilloekin, Barrakiloko Patrixi, berak jositako bufanda eta txapelekin… Pentako Markosek ere sagardoa nola egiten den erakutsi zuen. Bertso bazkarian ere jende andana bildu zen, 80 heldu eta 14 haur. Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran ederki aritu ziren mahainguruan, baita ondoko bertso-poteoan ere. Joaldunak ez zeuden programan baina bere borondatea erakutsiz, joareak jo zituzten goizean. Bi ipuin kontalari, haurrentzako berendua, Gabenararekin dantzaldia, haurrendako karaokea… Hainbat ekintza izan ziren eta azken honetan, gurasoek egindako lan handia eskertzekoa da.
GAZTAREN PISUA ETA URDAIAZPIKOAREN ALTUERA
Gaztaren pisua asmatzeko lehiaketa Karmele Mujikak irabazi zuen, xuxen xuxen asmatu zuen (1,010 kilo). Urdaiazpikoaren apustua egin zen, baina honetan pisua asmatu ordez, zer alturatan zintzilikatua zegoen asmatu behar zen. Beñat Etxekoloneak irabazi zuen.
Askatu ska taldeak kontzertua eskaini zuen, dantzaldiaren atsedenaldian. Mattin eta Manex herritarrak ere hor ari dira.
Lan txukuna egin zuten gazteek eta animo hurrengorako.