Arkupeak elkarteko mendi taldeak ere urteko besta egin zuen urriaren 17an, Arizkungo Lezeta jatetxean ehiza denboraldiko plater tipikoa, usoa, dastatuz. Aurretik, hiru orduko mendi ibilaldia egin zuten Otsondo inguruan, haize bortitza lagun zutela.
Arkupeak elkarteko mendi taldea joan den urtean hasi zen lanean, zuzendaritza batzordea berritu zenean, baina 15 urte baino gehiagoko historia dauka. Zehazki, 1996an Baztango Santiago Bidea egin zuen Arkupeak elkarteak, Dantxarineatik Iruñera. 14 laguneko talde batek, lehengo bidearekin segitu zuten Barrankan barna, Ziordia bitarte. Halako arrakasta izan zuenez, Iruñetik Santiagora bidearekin segitzea erabaki zuten, baina Arkupeak elkartearen barnean ezin zenez egin, mendi talde berria sortu zuten: Goiz Mendi Taldea.
Lau urtetan hiru aldiz egin zuten Frantziako Bidea bezala ezagutzen dena eta 2011n Kostako Bidea. Aragoiko Bidean barna ere ibili ziren. Hilabetean behin Euskal Herriko mendiren bat igotzea eta ekainean, Pirinioetara astebeteko ateraldia egitea ere erabaki zuten.
Arkupeak elkarteko junta berria osatserakoan, elkarte barnean osatu zen mendi taldea eta hileroko ateraldiekin segitzen dute. Honela, Ibardin, Ezkurra, Leitza, Aralar, Bertiz eta Otsondo inguruan ibiliak dira eta Saioa, Txindoki, Aizkorri eta Gorbeara joateko asmoa dute.
Uztailean, 36 bazkide Pirinioetan barna ibili zen, Formigalen zehazki eta ateraldiak egin zituzten Artouste, Midi D’Osau, Anayet eta inguruko mendietan. Talde ezberdinak osatu zituzten eta honela, bakoitzak bere neurriko ibilbidea egiteko aukera izan zuen.