Gasa berrikusten duen enpresaren bisitekin kasu emateko ohartarazi du Foruzaingoak

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 26a

Beharrezkoak ez diren berrikuste edo aldaketak egiten dituzte eta normalean baino garestiago kobratu

Adineko jendea ohartarazi nahi dute gehienbat. Malerrekan eta Bortzirietan Eurogas S.L enpresa egiten ari den berrikuspenetan xuxenak ez diren gauzak antzeman direla jakinarazi dute iturri ofizialek. Gainera bezeroei konponketa egin baino lehen, dokumentu bat sinatzeko eskaintzen dietenez, babes legala lortzen du enpresak.

Oitz, Arantza, Igantzi eta Beran Eurogas S.L enpresaren izenean egiten ari diren gas berrikuspenetan irregulartasunak egon direla ohartarazi du Foruzaingo sailak. Adineko jendeari gasa berrikusteko etxera egiten dizkieten bisitekin kasu emateko abisua luzatu dute. Etxeetan gasaren instalazioa berrikusi eta beharrezkoak ez diren konponketak egin behar direla erraten diete bezeroei. Osagai batzuk aldatu eta konponketak egin ondotik, normalean baino garestiago kobratzen dizkiete. Konpontze lan errazak izaten dira eta aldaketa norberak egiten badu 10 euroko kostua izanen lukeen lanagatik, 80 euro kobratzen dituzte. Gainera, sinatzeko dokumentu bat eskaintzen dute konponketa egin baino lehen, horrela babes legala lortzen du enpresak. Paper hauek sinatzea ez dela beharrezkoa ohartarazi dute. Gisa honetako kasu berriren bat antzematen baldin bada, Foruzaingoari jakinarazteko eskatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun