Azken hilabetetan Espainiako Gobernuan Nafarroan duen Delegaziotik Espainiako bandera jartzeko erranez eskutitzak ailegatu dira eskualdeko zenbait Herriko Etxetara, tartean Bera, Lesaka, Elgorriaga edo Baztangora. Honi erantzunez, udalez udal aztertzen ari den mozioa aurkeztu zuten urriaren 5ean Baztan Balleko Etxean.
Mozioak dioenez, «Ikurren eta banderen gaia, eduki politiko eta karga subjektibo emozional handiko gaia da, mundu guztian zehar. Euskal Herria bezalako nazio zapalduen kasuan, ikurren gaiak garrantzia handia hartzen du, bai zapalduen ikuspuntutik baita zapaltzaileenetik ere». Euskal Herria nazio gisa «aitortzen dugunontzan, gure ikurrak; gure herriaren existentzia, historia, eskubide eta askatasunaren sinbolo dira. Munduko beste herrien pare garenaren adierazle hain zuzen ere. Aldiz, espainiar zein frantziarrentzat, Euskal Herrian zehar beraien banderak kokatzea, herri honen espainiartasun eta frantziartasunaren adierazle da», dio mozioak.
Azken urteotan era guztietako ekimen politiko instituzional, ekitaldi, manifestazio, protesta eta omenaldiak egin dira gure ikurren alde, eta horren kontra isunak, inabilitazioak, ebazpen judizialak… jaso dituztela salatu dute hautetsiek: «Momentu historiko honetan Euskal Herrian zein atzerrian bake eskariak gailentzen ari direnean, espainiako Gobernuak eta bere ordezkaritzek gerra ekimenak bultzatzen dituzte».
Horregatik, udaletan aztertu eta zenbait kasutan onartu den mozioaren lehen puntuan «herri baten sinboloak eta ikurrak ezin direla inposatu» adierazten zaio Nafarroako Gobernuari, baita Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegazioari eta ahalegin horretan ari diren guztiei. «Euren sinboloak inposatzeagatik, gure nortasuna, gure pentsamoldea eta gure izaera ez dutela aldatuko argi utzi nahi diegu» diote.
Gisa berean, «Espainiako bandera jarraraztea eta ikurrina kenaraztea herritarren gehiengoaren borondatearen kontrakoa dela» salatu nahi dute, «herri honetako gehiengo politiko eta sozialaren kontrakoa hain zuzen». UPN eta bere gobernuan duten jarrera eta honetaz egiten duten «erabilera partidista» ere salatu dute, eta «herriaren alde lan egin eta herriaren kezkez arduratu beharrean, ikurrak inposatzea eta geure nortasuna ezabatzeko ahaleginetan aritzea inolaz ere ez dela bidea» adierazi dute. Modu berean, konpromisoa hartu dute «gure ikurren alde, eta inposatutako ikurren aurka, elkarrekin herri ekimen bat lantzeko».
Mozio hau dagoeneko onartu da Baztan, Bertizarana, Zubieta eta Iturengo udaletan eta Beran ere, ildo bereko mozioa onartu dute.
GURE IKURRAK ALDARRIKATZEKO BESTA BERAN URRIAREN 20AN
Berako Udalak «gure ikurrak aldarrikatzeko besta» antolatu du Beran urriaren 20an.
Ekitaldia 17:30ean izanen da Altzateko plazan eta bertan parte hartuko dute, herriko dantzariek, txistulariek, trikitilariek, musikariek, bertsolariek, txalapartariek eta kantariek. Testu bat irakurriko da eta ikurrina bat altxatuko da Altzateko plazan. Bukatzeko, bildutakoentzat sagardoa eta txistorra jatea izanen da. Bestan parte hartzeko deia egin du Udalak.