Giro ederra izan zen Urriruko bestan eta urtero bezala, ospakizuna kirolarekin uztartu zuen. Hitzordurik garrantzitsuena Euskal Herriko harri txikien txapelketa izan zen eta hor, seigarren urtez segidan, Aimar Irigoien suertatu zen garaile. Baina hori baino lehen, Nafarroako bigarren mailako kategoria ez galtzeko norgehiagoka jokatu zuten Patxi Mindegia zubietarrak eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberriak. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar zuen eta azkenean, 15 segundu eskasengatik, Etxeberria nagusitu zen. Beraz, herritarrak segituko du bigarren mailan eta zubietarra hirugarren mailara jautsiko da.
Txapelketa ofiziala ez bazen ere, ikusmin handia piztu zuen aizkora apustua izan zen ondotik herriko bi hirukoteren artean: Miguel Angel Etxeberria eta Jesus Etxeberria; Jacinto Etxekonanea eta Peio Telletxea; eta Xabier Mindegia eta Jose Luis Telletxea. Azken hauek izan ziren garaile.
Aizkora apustuaren ondotik Xorroxin Irratiak Behikaka zozketan herriari tokatutako saria herriko etxe guztien artean zozketatu zen, beraz, laupabost sari izan ziren: Fiteroko bainuetxean asteburu bat eta Nekatur landetxean 2 gau eta 2 gosari izan ziren sari hauetako batzuk. Zorionak sarituei!!!
Gauean, 180 pertsona inguru bildu ziren afaltzera. Urtero bezala, salda beroarekin hasi zuten afaria eta ondotik, bigarren urtez, Iruñeko Adasha dantza taldeko den Zenotzeko Rebeka Ericek dantza saioa eskaini zuen jendearen ikusmina piztuz. Entsalada eta haragia ausarki izan zen. Aipatzekoa da aretzea bikaina zegoela, beti bezala. Postrerako gazta eta irasagarra eta fruta jan zituzten, Rebekaren sabeldantzaren erritmoan. Ondotik, kafea eta kopak. Aierrik taldeak karpan bildutako jendea girotu zuen.
QUEIMADA ETA KONJUROAK
Aurten nobedade gisa Galiziako bi lagunek Queimada prestatu zuten afalondoan. Ikusgarria izan zen haien konjuroa, musika ozena, baita jarrita zeukan kapa ere.
Ittur-Ondo elkarteko batzordekideez gain, hainbat laguntzaile izan ziren Urriruko Besta aurrera ateratzeko lanetan. Antolatzaileak pozik daude egindako lanak emaitza ona izan duelako bederatzigarren urtez eta heldu den urterako gogotsu daude.