Doneztebarrak merkatari elkartearen kanpaina saritu dute

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 17a

Doneztebarrak elkarteko merkatariak, bertze saridunekin batera Iruñean. Utzitako argazkia

Uztailean egin zuten erakusleiho aldaketak bosgarren saria lortu du

Doneztebarrak elkartearen erakusleiho aldaketak, bortzgarren saria eskuratu du Nafarroako saltokiek egindako Buelta eman nahi diogu kanpainan. Denera 55 proposamen aurkeztu ziren; bezeroa pareko ostatura gosal­tzera gonbidatzen zutenak, irabazien ehuneko bosta karitasi ematen ziotenak... Herrikoek erakusleiho aldaketa egin zutenean erakusleihoan agertzen zenak ez zuen zerikusirik bertan saltzen zenarekin. Elkarri publizitatea egiteko modu deigarria proposatu zuten.
 
Nafarroako Merkatarien Federazioak egun­go egoerari buelta ema­teko martxan paratu zuen kanpainan parte har­tzea erabaki zuen Doneztebeko merkatari elkarteak. Horretarako, elkarteko bazkide batzuek erakusleiho aldaketa bat egitea erabaki zuten. Ekimen honen bidez, baikortasuna zabaldu, aktibitate komer­tzialari bultzada bat eman eta saltokiak zein bezeroak mugi daitezen lortu nahi zuten, krisi ekonomikoari buelta emateko. Ideia sortu zenean ez zekiten zer ha­rrera izanen zuen kanpainak, baina jasotako erantzunarekin eta lortu berri duten sariarekin oso gustora daudela erran du Lorea Agi-rre elkarteko idazkariak: «Produktua zurea ez den erakusleiho batean erakusteko aukera izan genuen eta horrela ber­tzela dendara etortzen ez den jendea erakarri dugu dendara».
 
Uztailaren 4tik 15era egin zuten kanpainaren lehenengo deialdia eta arrakasta ikusita, uztail hondar arte luzatu zuten.  Lortutako arrakasta eta saria ikusirik, kanpaina berriren bat abian jartzeko ideia ez dute baztertzen Doneztebarrak Elkarteko kideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun