Urriaren 6an, larunbat goizean kalejira egin zen herrian barna euskal kantu zaharrak abestuz. Malerrekako Euskara Batzordeak herriz herri antolatzen du, eta oraingoan Elgorriagari suertatu zitzaion. Soinujoleaz lagunduta, haur, gazte eta adineko jendea kantuak abesten ibili zen. Jendearentzat arras esperientzi gustokoa izan da eta bertan izan ez zirenek pena zeukaten. Bertze batean beharko!
Larunbat arratsean onddo eta xixen kofradiko besta hasi zen. Bertan kofradeak eta gonbidatutako jendeak afaria izan zuen eta mus txapelketa jokatu zen. JavierTolosa aktorea eta Alvaro Begiristain bere laguna suertatu ziren txapeldun.
Baina egun handia igandea izan zen. Goizean, hildako bazkide eta laguntzaileen omenez meza izan zuten, Arangurengo abesbatzak kantatua. Segidan, Jose Miguel Galarregi, Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako presidenteak ohorezko hiru kide berrien merituak aipatu zituen. Aurten kofrade berriak hauek dira: Jose Javier Esparza, Nafarroako Gobernuko ingurumen kontseilaria, Alberto Rios, Embutidos Burgos enpresako jabea eta Jose Luis Cepeda, Cruzcampo enpresakoa. Juan Mari Arzak sukaldariak ez zuen bertaratzerik izan, baina hura ere kofrade egin zuten.
Aurten, onddo beltxarik handiena saritu nahi izan dute eta Elgorriagan gelditu zen lehen saria eta bigarrena Iturenera joan zen. Salvador Arozarenaren omenez antolatzen den kaxula lehiaketan, lehengo eta oraingo kofradeek parte hartu zuten, baita bertze kofradietako kideek ere. Hamar taldek hartu zuten parte eta Nafarroako Zainzuriaren kofradiakoak eta Bidasoako Izokinaren kofradiak izan ziren irabazleak. Lehiaketa eta gero, nahi zuenak kaxulak dastatzeko aukera izan zuen. Zubietako joaldunek ere, giroa berotzen lagundu zuten beraien joare soinuekin eta Migeltxo Saralegik harrijasotze erakustaldia eskaini zuen plazan eta lau urteko semea izan zuen lagun. Segidan, txistorra, urdaiazpiko, odolki, gazta, sagardo eta ardo dastaketa egin ziren frontoian. Zubietako joaldunak eta Doneztebeko Bearzana txaranga ere aritu ziren lanean, bainuetxeko bazkariarekin besta akitu baino lehen.