Gazte prozesu eratzailea eskualdera iritsi da

Gazte Oihua 2012ko urriaren 17a

Irailaren 29an aurkeztu zen gazte prozesua eratzailea Zarautzen. Utzitako argazkia

Herriz herri aurkezpenak eta lehendabiziko asanbladak egin dituzte

Irailaren 29an Zarau­tzen gazte ZukGua prozesu eratzaileari hasiera eman zitzaionetik eskualdeko herri ezberdinetara hedatu da prozesua eta gero eta gazte gehiago ari da gazte antolakundea sortzeko bidean bere ekarpenak egiten.

Udan zehar Hego Euskal Herriko 200 he­rri inguruko 800 bat gazte independentista eta sozialista Lan Talde Motoretan bildu izan dira, gazte antolakunde baten beharraz eztabaidatu eta martxan den prozesu eratzaile hau prestatzeko. Lan talde motore horietako ehunka gaztek Zarautzen egin zuten topo, elkar ezagutu, esperientzia eta ideia ezberdinak elkarbanatu eta prozesu eratzaileari hasiera emateko (irudian ikusten den bezala). Bertan joku eta ekimen ezberdinak egin zituzten, guztiak fruituekin zerikusia zutela, frutak eta zukua hartuko baitira prozesu honen erreferentzia gisara. Izan ere, “norbanakotik kolektibora”,  gazte ororen freskotasunetik zuku goxo eta emankorra ateratzea espero da, gazte antolakundeak gazte guztion beharrak asetzeko tresna izan nahi baitu.

Baina Zarautzen prozesuari hasiera bertzerik ez zitzaion eman eta orain herrien txanda iri­tsi da. Hain zuzen, udan zehar herrietako ekarpenei esker idatzitako ponentziak, herriz h­e­rri eztabaidatu eta aldatu beharko dituzte urritik martxora bitartean luzatuko den prozesuan. Eztabaida hau hiru bloketan banatuko da : lehendabizi egoeraren azterketa orokorra eginen dute gazteek, munduan eta jendartean dauden arazoetan erreparatuz, gero Euskal Herriko ziklo politikoaz eztabaidatuko dute eta azkenik gazte estrategia definitzea egokituko zaie. Ez dute lan makala izanen beraz, baina eskualde honetako gazteek ere erakutsi dute lanerako eta borrokarako gogotsu daudela.

 Herri batzuetan aurkezpenak egin dituzte jada. Horien artean, Malerrekako aurkezpena Iturenen egin zuten urri­aren 5ean,Lesaka eta Berakoak urriaren 6an, Igantzi, Arantza eta Etxal­arren 12an, Lei­tzan 13an… (argazkian Bor­tzirietako aurkezpenen kartela) Asanblada irekiak ere burutu dituzte herri batzuetan munduaren egoera oroko­rrari buruz eztabaida­tzen hasteko. Prozesuan parte hartzen ari diren gazteek bertze gazteei ere animatzeko deia zabaldu diete, asanblada guz­tiak irekiak izanen direla azpimarraturik. Prozesu honetan ekarpen guziak ongietorriak direla eta hausnarketarako, formakuntzarako eta ongi pasatzeko tartea izanen dela gaineratu dute. (Informazio gehiago www.gaztezukgua.info webgunean).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun