Mankomunitateak 67tik 6ra murriztea planteatzen dute

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 16a

Horrela geldituko litzateke Mankomunitateen mapa. Nafarroako Gobernua

Ttipi-Ttapak Nafarroan hartzen duen eremu osoa Sakanarekin bilduko litzateke

Nafarroako Gobernuak urriaren 3ko bilkuran ezagutzera eman zuen Nafarroako Tokiko Administrazioaren berrantolaketako Foru Legearen aurreproiektua. Aurreproiektu ho­rrek jasotzen du, alde batetik, ur, zabor eta abarren zerbitzua es­kain­tzen dituzten mankomunitateak eta elkarte tradizionalak murriztea, egun dauden 67 horietatik 6ra pasatuz.
 
Ttipi-Ttapak Nafa­rroan hartzen duen eremu osoa (Malerreka, Bertizarana, Bortziriak, Leitzaldea, Baztan eta Zugarramurdi-Urdazubi) mankomunitate bakarrean bilduko litzateke, Sakanarekin batera (Bidasoa-Sakanako Mankomunitatea).
 
Bertzetik, udalerrietako idazkaritza eta kontu-hartzailetzako fun­tzioak zentralizatzea; hala, egun dauden kudeaketako 166 unitatetatik 103 pasako dira fase ertain batean (59k zerbi­tzua banaka emango die 2.000 biztanletik goitiko toki-erakundeei eta 44k administrazio-fun­tzio horiek taldeka eskainiko dituzte 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan) eta 40an geldituko dira fase fase aurreratuago batean.
 
Aurreproiektuak tokiko mapa berrantolatu nahi omen du udalerrien eta kontzejuen kude­a­keta-egiturak mu­rriz­tuz, kostuen aurreztea sustatzeko xedearekin.
 
Nafarroako udalerri eta kontzejuen kopuruak kasik egun dagoen bezala segituko du (272 udalerri eta 348 kontzeju gaur egun), nahiz eta berrantolatzeko proposamenak mekanismoak ezartzen dituen mu­rrizketan aitzinera egiteko. Bertzeak bertze, udalerriak eta kontzejuak desagertzea planteatzen da hauteskundeetarako hautagaiak aurkezten ez badira.
 
HURRENGO PAUSOAK
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Administrazioaren be­rrantolaketako Foru Legearen aurreproiektuaren berri jaso ondoren, testua inplikatuta dauden departamentuei bidaliko zaie dagozkien txostenak egin ditzaten. Gainera, kontseilariak Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioari proposamena igorri dio. Toki Erregimeneko Foru Batzordearen txostena eta Gobernuak onartutako Lege Proiek­tua Nafarroako Parlamentura bidali aurreko pausoak izanen dira, bertan izapidetu dezaten. Aldi berean, lan-taldea abian jarriko da toki-erakundeen finan­tzaketan aldaketarako proposamena zehazteko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun