Laino beltzenen artean argia ikusi nahian dabiltza eskualdeko merkatariak

Eneritz IRAOLA 2012ko urriaren 16a

“Buelta eman nahi diogu” kanpainan parte hartu duten Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko kideak, sariarekin. ZALDUA

Egoera ekonomiko latzak, merkataritza zentro handien eskaintzak eta jendearen ohitura aldaketak kinka larrian jarri du herrietako denden etorkizuna

Bezeroak erakartzeko kanpainak, eskaintza bereziak... ez dira geldirik egotekoak. Beraien eskuetan dagoen guztia egiten ari dira aitzinera jarraitzeko. Bezeroak behar dituzte eta horretarako herritarren kon­tzientzia aldatu behar da. Oztopoak baino ez dituzten arren, denda irekita dagoela paratzen duen karteltxoa atean jarri nahi dutelako luzaroan.

 

Garai hobeekin ametsetan ari dira eskualdeko merkatariak azkeneko urteetan. Etortzen ez diren garai hobeekin. Dituzten bezeroei eutsi eta berriak erakarri nahi dituzte, baina geroz eta gehiago dira autoa hartu eta merkataritza zentro handietan erosteko ohitura dutenak.  Jende heldua da herrian erosten segitzen duena, baina gazteek ez omen dute horretarako ohiturarik. Kezka handia sortzen dieten gaia da,etorkizunik izatekotan gazteek herrian erosten hasi beharko luketeela uste baitute. Dendariek jendearen kontzientzia eza salatzen dute. Dendak ateak betiko ixten dituenean penatu bai, baina herritarrak aitzinetik bertan erosteaz ahanzten direla nabari dutelako.

Saltoki handien aurka lehiatzeko ez dute nahikoa indarrik, haiek produktu aukera zabalagoa eta etengabeko deskontuak eskaintzen dizkietelako bezeroei. Hala ere, merkatari ttikiak ez dira handien itzalpean geldirik geratu. Ematen duten tratu hurbila dute beraien alde eta bezeroa zaintzea bihurtu da beraien egiteko nagusiena. Horretarako, fidelizazio kanpainak, arreta bereganatzeko ekimenak, eskaintza bereziak, zozketak... egiten dituzte. Merkatari taldeetan bil­tzen dira batzuk, denen indarrak batzeko, bakarka lan egiten dute ber-tzeek, geldirik ez egotea da kontua. Gehienek, hala ere, kalitatezko produktuak eskaintzen jarraitu eta prezioak jeitsi behar izan dituzte, irabazien kaltetan. Baina hori da au­rrera segitzeko duten aukera  guttienetarikoa.

Gainera, BEZ-aren igoerak ere ez die mesederik egin. Produktuak garestiago erosten dituztenez, irabazirik lortzekotan prezioak igo behar dituzte. Prezioa jartzea lan zaila bihur­tzen da orduan. Bezeroak erakarri, BEZaren igoerari aurre egin eta irabaziak emango dizkieten formula lortzea ez baita lan erraza.

Etorkizunak, ikara ematen die, baina ez dute esperantza galdu­ nahi. Ahal den moduan ai­tzinera egin nahi dute, dendetako mostradorearen gibelean segitu nahi dutelako urte luzez lanean.

ESKUALDEKO MERKATARIEKIN SOLASEAN

Deñe ABUIN    Lesaka

«Gazteengana  hurbildu behar dugu, etorkizuneko bezeroak dira»

«Lau urte daramatzagu  maldan beheiti eta ez dakigu non bukatzen den, arront beltz dago dena»  Hala dio Deñe Abuin lesakarrak egoerari buruz galdetzen diogunean. Duela 23 urte zabaldu zituen ateak dendak eta  bere iduriko «itxi baino lehen edozer egiten saiatu behar zara». Teknologia berrien aldeko apustua egin du «sozialki sarean egon behar dugu, erakusleihoa baita». Abuinen e-rranetan zerbitzu ona eskaintzea da irtenbide bakarra «gauzak probatzeko etxera eramaten uztea, itzulketetarako erraztasunak ematea eta tratu hurbila es­kaintzea». Azken hau azpimarratu du, «saltoki handietan txartel zenbaki bat da bezeroa. Hemen denok ezagutzen dugu elkar». Etorkizunak beldurra ematen dio «dena nahiko hila dago». Hala ere, ez du esperantza galdu »dato­rrena datorrela aurrera egin behar dugu». Landu beharreko esparruaz galdetzean ez du zalantzarik «gazteengana hurbildu behar dugu, etorkizuneko bezeroak direlako».

Lorea AGIRRE    Doneztebe

«Merkataritzarik gabeko herria, hildako herria izanen litzateke»

Kimetz Belar dendako jabearen iduritan jendeak kanpoan erosteko ohitura du eta beranduegi ohartzen da he­rrian ez kontsumitzeak duen eraginaz «denda ttikiak ixtean denok pena hartzen dugun arren, merkataritza zentro handietara joateko ohitura handia da eta ez da baloratzen bertan dagoena». Merkataritza herriak bizirik mantentzeko ezinbestekoa da bere hitzetan «merkataritzarik gabeko herria, hildako herria izanen litzateke».  Bezeroak erakar­tzeko ekimen aunitz ja­rri dituzte martxan «fidelizazio kanpainak, deskontu bereziak ,ekimen berriak, Urriaren 11ko feria eta gure produktuen kalitatea mantendu dugu prezioak egokituz». BEZaren igoerak ez die lagundu «badirudi prezioak goitu ditugula baina ez dugu bertze erremediorik, guri prezio guztiak goitu dizkigutelako». Etorkizunari buruz zalantzak ditu «jendeak ohiturak aunitz aldatu beharko ditu, bertan gehiago kontsumituz, guk herrian lan egiteko aukera eduki dezagun».    

Fran AGARA    Bera

«Orain prezioak kalitateak baino garrantzia handiagoa duela dirudi»

1928an sortu zen Agara denda eta azken berrogei urtean Fran Agara dago erakusmahaiaren gibelean. Krisiaren eragina egunerokoan arras nabarmena dela dio «kontsumoa pila bat murriztu du jendeak» eta kontsumitzeko modua ere aldatu du «orain prezioak kalitateak baino garrantzia handiagoa duela dirudi». Jendea dendara sartzeko modua bilatu behar dutela pentsatzen du, uste oker aunitz baitaude bere iduritan «badirudi ba­tzuetan herriko jendeari dendara sartzeak beldurra ematen diola, erosteko obligazioa dutela pentsatzen dutelako. Sartzen direnean ikusten dute dagoena ikusi eta gero arte erran dezaketela lasai».  «Merkataritza zentro handiek lortu duten arrakasta ikusita kezka ere azaldu du, «boom bat izan da, jendea ez da erosterat bakarrik joaten, aisialdia eta erosketen arteko lotura egitea lortu dute». Etorkizunari begira, ez da oso baiko­rra, bere ustez «lau urte beharko dira behinik behin, argia pixka bat ikusteko».

Jaime VIGURIA   Elizondo

«Eskaintzekin irabazia ttikitu arren, salmentak mugi­tzea da kontua»

Jaime Viguria Elizondoko Eskiz informatika dendako jabearen iduriz, eskaintza onak dira aitzinera egiteko modua «deskontuekin irabazia ttikitu arren, salmentak mugitzea da kontua». Bezeroek ez dutela eskaria aldatu dio baina prezioari begiratzen diotela «alde handirik ez dugu nabaritzen eskarian, normalean merkeena izaten da hautatzen dena». Jaimek dioenez, saltoki handiek kalte handia egiten diete «zentru koxkorrak min haundia egiten segitzen dute, hain xuxen prezio arras baxuak eskain­tzen dutelakoz. Horren kontra, zaila da borroka­tzea». Modu bakarra «zerbitzu ahal bezain finena ematea, hurbiltasuna, gure gain konfiantza izatea lortzea» dela dio. BEZaren igoera nabaritu badu ere, gauza lasaitzen doala uste du «irail hasmentan nabaritu zen, orain iduri du gauza normaltzen ari dela». Viguriak ez du e­tsitzeko asmorik «beltz ikusten dut etorkizuna goititik ikeratzen baikaituzte. Hala ere, egoera txar honi eusten saiatuko gara».

Estitxu LERTXUNDI   Leitza

«Egoerarekin batera, gu ere aldatzen saiatzen gara»

Duela bost urte ireki zuten Leitzako Ariztela denda eta krisiaren eraginez, jendearen pen­tsaera aldatu egin dela dio Estitxu Lertxundik «opari bat erosteko garaian, lehen jende gu­txik pentsatzen zuen main­direak oparitu zitezkeenik, orain estima­tzen den oparia da». Krisiaren aurrean neu­rri berriak hartu dituzte «egoerarekin batera gu ere aldatzen saiatzen gara eta ora­­­­in beti daukagu eskain­tzaren bat. Eskaintza jartzen dugunean jendea segituan mugitzen dela nabari da». Ler­txundik dio zaharbe­rritze lanak egiteko ohitura zabal­tzen ari dela «jendea gauzak kon­pon­­tzen hasi da berria erosi beharrean».  Jendearen ohiturez dio «bezero leialak ditugu baina normalean, kanpora joateko denborarik ez dugunean ohar­tzen gara herrian komertzioa edukitzearen mesedeaz». Etorkizun «zaila ikusten dugu baina gure ofizioan ilusioz beterik segitzen dugu. Ea zertan buka­tzen duen gure herrietako komertzio txikiak».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun