Giro ederrean ospatu zuten larunbatean Euskararen eguna Zubietan

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 15a

Garai bateko dantza, Zubietako dantza luzea, ikusteko aukera izan zuten eguerdian Zubietako plazan Izaskun Zubialde

Zubietako Dantza luzea berreskuratu zuten herritarrek

Larunbatean egun osoko besta izan zen Zubietan. Goizean goizetik trikitilariekin kalejiran hasi eta gauerdian oraindik Gabenara eta Askatu taldeekin dantzan jarraitzen zuenik ere izanen zen. Ekitaldi ugari izan ziren baina bereziena, Dantza luzearen saioa izan zen. Zubietan aspaldi dantzatzen zen dantza berreskuratu baitzuten herritarrek. Ikusi argazkiak

Euskararen eguna ospatu zuten Zubietan larunbatean. Goizeko 10:00etan trikitilari eta pandero doinuekin eman zieten egunari hasiera. Ordurako herriko eskulangileek beraien produktuak jarriak zituzten plazako postuetan. Ondotik, serigrafia tailerraren txanda izan zen. Norberak etxetik eramandako kamiseta hartu eta serigrafia lanak egin ondoren, kamiseta berriarekin joan ziren etxera. Eguerdian dantza erakustaldi irekia izan zen, muxikoak, jauziak... eta Zubietako plazan garai bateko dantza ikusteko aukera ere izan zen. Herritar talde batek, garai bateko ohitura berreskuratu eta Dantza luzea eskaini baitzuten plazan. Bertso bazkariaren txanda izan zen ondoren, Miren Amuriza eta Aitzol Barandiaran bertsolarien koplek alaitu zuten giroa. Bazkalondoan, herriari itzulia egin zioten bertsopoteoan, trikitilarien laguntzarekin. 17:00etan haurrendako ipuin kontalaria  eta berendua ere eskaini zitzaien haurrei. Azken hilabetean ikasitako dantzak ere dotore egin zituzten eszenatoki gainean, haurrendako karaokea ere izan zelako. Eta eguna amaitzeko, Gabenara eta Askatu taldeen kontzertuaz gozatu zuten. Ikusi argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun