Malerrekako eskuz binakako XI. pilota txapelketan izen emateko epea zabaldu du Doneztebeko Erreka elkarteak. Pilotariak lehen mailako benjaminetan, alebinetan, infantiletan, kadetetan, jubeniletan, bigarren mailako senior eta senior elite kategoriatan lehiatuko dira. Kategoria guztietan lehiaketa irekia izanen da, senior elite lehiaketan izan ezik, hemen pilotariak gonbidatu eginen baitituzte. Hirugarren urtez Diario de Noticias izena hartuko duen txapelketa kanporaketa bidez jokatuko da eta 2013ko urtarril erdialdera hasita, otsaileko azkeneko astean edo martxoko lehendabizikoan akitzea espero dute. Federatutako pilotariek azaroaren 11 arteko epea izanen dute izen emateko, horretarako salaae@gmail.com helbide elektronikora idatzi eta norbere telefonoa edo posta elektronikoa jarri beharko dira izen-emateko orrian. Txapelketako partida gehienak igande goizetan jokatuko dira. Legasan benjamin mailakoak, Iruritan alebin mailakoak, Lesakan infantil mailakoak, Donezteben kadete mailakoak, Beran jubenil eta bigarren mailako seniorrak eta Donezteben senior elite mailakoak.